Itxi

Zesta punta

Zortzi bikote arituko dira nor baino nor gehiago 2025-2026ko Eusko Label Winter Seriesen, urriaren 27tik

EITB

Leer en Castellano

Final handia otsailaren 15ean jokatuko dute, eta, beti bezala, partida guztiak Gernika-Lumon izango dira. Aurreko ekitaldian parte hartu zuten puntistei erreparatuta, Goixerri sartu da, Olharanen ordez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zortzi bikote arituko dira nor baino nor gehiago 2025-2026ko Eusko Label Winter Seriesen. Txapelketa urriaren 27an hasiko da, eta asteartean aurkeztu dute, Ibarrangelun, Laga hondartzan. Final handia 2026ko otsailaren 15ean jokatuko dute, eta, ohi bezala, partida guztiak Gernika-Lumon izango dira, Jai Alai pilotalekuan. Aurreko ekitaldian parte hartu zuten puntistei erreparatuta, Ekaitz Mendizabal "Goixerri" da berritasuna; mutrikuarra Jean Olharanen ordez sartu da lehian.

Testuinguru horretan, txapelketako antolatzaileek erabaki dutenez, Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea elkarrekin arituko dira, 2024an eta 2025ean lortutako garaipena berretsi nahirik; Sorozabal anaiek, Johanek eta Gorkak, bikotea egingo dute, bai eta Alex Goitiak eta Unai Lekerikak, eta Ludovic Laduchek Jon Zabala izango du atzelari. Lau bikote horiek izango dira A multzoan.

B multzoan, debuta egingo duen Goixerrik eta Mikel Mancik mutrikuar bikotea osatuko dute, eta Xabi Barandika, Jai Alai Ligako txapelduna bera, eta Thibault Basque beste bikote bat izango dira. Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez Jai Alai Ligako atzelari txapelduna ere izango dira bikotekideak, eta Thomas Urrutia eta Julen del Rio elkarrekin lehiatuko dira.

EITB, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, bosgarren Eusko Label Winter Series honetako neurketa guztiak emango ditu.

Txapelketan, hamazortzi jardunaldi jokatuko dituzte. Lehen hamarretan, urriaren 27tik abenduaren 29ra bitartean, astelehenero, final laurdenetako ligaxka izango da; horretan, bikote bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. Hori amaituta, urtarrilaren 2tik otsailaren 9ra bitartean, finalerdietako ligaxka izango da jokoan, sei jardunalditan, multzo bakarrean, eta, beste behin, sailkatutako bikoteek hiruna neurketa jokatuko dituzte; horietako bat izateko, beharrezkoa da eskuratzea multzoko lehenengo edo bigarren tokia, final laurdenetako fasean. Finalerdietako ligaxkako bi bikote onenak izango dira finalean, otsailaren 15ean, igandez. Jaialdiak 18:00etan hasiko dira lehen jardunaldian, 19:30ean, txapelketako gainerako astelehenetan, eta urtarrilaren 2an (ostirala da), eta 12:00etan, finala jokatuko da.

Goitia, Goixerri eta Urrutia, Eusko Label Winter Seriesen ez ezik, Miamiko Magic City pilotalekuan ere ibiliko dira, eta Johan eta Gorka Daniako denboraldian ere lehiatuko dira, hiru hilabetez. Horrenbestez, Johan eta Gorka final laurdenetako ligaxkan jokatu behar dituzten norgehiagokak amaituta joango dira Floridara, eta, finalerdietako fasera sailkatuz gero, Euskal Herrira itzuliko lirateke. Hala, zazpigarren jardunalditik, alegia, abenduaren 8tik, Estatu Batuetan ere dabiltzan pilotarien agendak zehaztuko du zein partida izango den astelehen bakoitzean.

2025-2026ko Eusko Label Winter Series txapelketako datuak eta egutegia

A MULTZOA

Erkiaga-Ibarluzea

Johan-Gorka

Goitia-Lekerika

Laduche-Zabala

B MULTZOA

Urreisti-Lopez

Goixerri-Manci

Urrutia-Del Rio

Barandika-Basque

Final-laurdenetako ligaxkako egutegia

1. jardunaldia: urriak 27

Goixerri-Manci vs Urreisti-Lopez

Johan-Gorka vs Goitia-Lekerika

2. jardunaldia: azaroak 3

Erkiaga-Ibarluzea vs Laduche-Zabala

3. jardunaldia: azaroak 10

Barandika-Basque vs Urreisti-Lopez

4. jardunaldia: azaroak 17

Laduche-Zabala vs Johan-Gorka

5. jardunaldia: azaroak 24

Barandika-Basque vs Goixerri-Manci

6. jardunaldia: abenduak 1

Erkiaga-Ibarluzea vs. Johan-Gorka

7. jardunaldia: abenduak 8

Zehaztu gabe

8. jardunaldia: abenduak 15

Zehaztu gabe

9. jardunaldia: abenduak 22

Zehaztu gabe

10. jardunaldia: abenduak 29

Zehaztu gabe, bi partida izango dra

Finalerdietako ligaxka egun hauetan jokatuko dute:

Urtarrilak 2 (ostirala da)

Urtarrilak 12

Urtarrilak 19

Urtarrilak 26

Otsailak 2

Otsailak 9

Finala otsailaren 15ean jokatuko dute, igandez, 12:00etan

Bideoak (1)