Zesta-punta
Goitia-Lekerika eta Urreisti-Lopez bikoteek garaipena lortu dute Winter Serieseko lehen jardunaldian
EITB Media
Alex Goitiak eta Unai Lekerikak bi jokotan irabazi diete Johan eta Gorka Sorozabal anaiei, emaitza berdinarekin bi setetan (12-15). Eñaut Urreistik eta Imanol Lopezek gauza bera egin dute Ekaitz Mendizabal "Goixerri" eta Mikel Mancisidorren aurka (9-15 eta 7-15).
Eusko Label Winter Series txapelketako lehen jardunaldiaren garaileak. Irudia: EITB
Eusko Label Winters Series txapelketa A multzoko partida batekin hasi da Johan eta Gorka Sorozabal anaiek, Urrezko Eskularruaren azken txapeldunak, Alex Goitia eta Unai Lekerika, izan dituzte aurkari.
Lehen joko parekatu batean, Goitiak eta Lekerikak gailentzea lortu dute (12-15) bikote lapurtarraren aurrean. Gernikako atzelaria bikain aritu da lehen joko horretan, bere eskuinarekin erritmoa jarriz eta aginduz.
Bigarren jokoak emaitza bera eman du (12-15), eta Lekerika, sendo arituta, legea ezarri du atzeko koadroetatik. Atzelari gernikarrak ez du pilota bakar bat ere galdu norgehiagoka osoan.
Bigarren neurketan, B multzoan, Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Mancisidorrek Eñaut Urreisti eta Imanol Lopezi aurre egin behar izan diete. Lau gipuzkoar —hiru mutrikuar eta zumaiar bat— Barandika eta Basque ere faboritoen artean sartzen diren multzo berean. Zumaiar beteranoak, Imanol Lopezek, bere azken Winter jokatuko du Eñaut gaztearekin batera.
Winterren debuta egiten ari dira Goixerri eta Manci, egungo txapeldunordeak dira, eta txikitatik ezagutzen dute elkar, urte askoan federazio txapelketetan bikotea osatu dute eta orain, Ligak profesional mailan oihartzun handiena duen txapelketan elkartu ditu. Estreinakoa ez da ondo hasi, lehen jokoa Urreisti eta Lopezentzat izan baita (9-15), eta hasieratik amaierara arte agindu dute markagailuan, ez baita berdinketarik egon. Urreistik 11 tanto egin ditu lehen joko horretan.
Bikote mutrikuarrak ez du neurketaren dinamika aldatzea lortu bigarren jokoan, bereziki bere hanka-sartzeen ondorioz. Urreistik eta Lopezek sendo eta konfiantzaz jokatzen jarraitu dute, eta partida aise irabazi dute bi jokotan (7-15). Aurrelari mutrikuarrak 18 tanto eginda amaitu du norgehiagoka.
Bigarren jardunaldia datorren astelehenean, azaroak 3, izango da. Partida bakarra jokatuko dute Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Zabala bikoteek, A multzoaren baitan.