Itxi

Nazioen Liga

Euskal Pilotaren Nazioen Liga Barakaldon eta Bilbon jokatuko da azaroaren 23tik 30era

EITB

Leer en Castellano

Euskal pilotan aritzen diren kirolarien elkargune paregabea izateaz haratago, lehen mailako kirol erronka ere izango da Euskal Selekzioarentzat, Argentinako Venado Tuertoko 2026ko Munduko txapelketarako sailkatzea egongo baita jokoan.

Euskal Pilotaren Nazioen Liga Barakaldon eta Bilbon jokatuko da Argazkia: pilotanazioenliga

Bilboko eta Barakaldoko pilotalekuek Euskal Pilotaren Nazioen Ligaren beste edizio bat hartuko dute azaroaren 23tik 30era, eta mundu osoko pilota modalitate eta kirolari guztiak egongo dira bertan ordezkatuta.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Barakaldon zesta-puntako partidak jokatuko dira, eta gainerako partidak eta modalitateak Miribillan (Bilbo) jokatuko dira, Bizkaia pilotalekuan.

Gizonezkoetan, pilotariak larruzko paletan, pala motzean, pilota egokituan, eskuz banakakoan eta binakakoan eta banakako zesta-puntan lehiatuko dira; emakumezkoetan, berriz, banakako zesta-puntan eta eskuz lau t'erdikoan eta binaka.

Gainera, berrikuntza gisa, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak bi modalitate berri sartu ditu Nazioen Ligako egutegian, pilota egokitua eta emakumezkoen esku pilota lau t'erdikoan, euskal pilota "gero eta inklusiboagoa" izateko asmoarekin.

Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, Jose Mari Mitxelenak, eskerrak eman dizkio Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioari Euskal Selekzioa kide izateagatik eta nazioartean lehiatzeko aukera izateagatik. "Erreferentziazko txapelketa bat dugu esku artean, gure herrialdea, kirola, selekzioa eta antolatzeko gaitasuna mundu osoan ezagutu daitezen", adierazi du.

Euskal Pilotaren Nazioen Liga kirol erronka ere izango da Euskal Selekzioarentzat, Argentinako Venado Tuertoko 2026ko Munduko Txapelketarako sailkatzea egongo baita jokoan.