Itxi

Seigarren jardunaldia

Olharanek eta Gorkak bigarren garaipena lortu dute eta Erkiaga eta Ibarluzea ia aukerarik gabe utzi dituzte

EITB Media

Leer en Castellano

Aurrelari bearnotarra eta atzelari lapurtarra nagusi izan dira lehen jokoan (11-15), baina bigarren partzialean bizkaitarrek buelta eman diote egoerari (15-8). Partida hirugarren jokoan erabaki da, non azken hiru tantoak aurrenekoek egin dituzten (4-5).

Jean Olharanen eta Gorka Sorozabalen arteko besarkada norgehiagokaren amaieran. Irudia: EITB

Min hartuta dagoen Johan Sorozabal berriro ordezkatu duen Jean Olharanek eta Gorka Sorozabalek osatutako bikoteak hiru jokotan (11-15, 15-8 eta 4-5) irabazi die Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzeari, azken bi edizioetako txapeldunei, Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatutako Eusko Label Winter Serieseko seigarren jardunaldian.

Lehen jokoan, Gorka Sorozabal nagusi izan da atzeko koadroetan, eta Olharan Ibarluzearen sendotasun faltaren aurrean nabarmendu da. Erkiaga saiatu da, baina ezin izan dio markagailuari buelta eman, nahiz eta behin baino gehiagotan hurbildu diren. Gorkak ez du pilota bakar bat galdu eta Jean Olharan aurreko neurketan bezain ausarta eta fidagarria izan da (11-15).

Bigarren jokoan, ordea, erabat aldatu dira gauzak. Olharanek eta Gorkak ez dute Erkiaga jokoan ez sartzea lortu, eta Ispasterreko aztiak bereak eta bi egin ditu. Ibarluzea sendoago agertu da atzeko koadroetan eta Sorozabalek pilotaren bat galdu du, lehen joko perfektua egin ostean. Horrela, bizkaitarren garaipena argia izan da bigarren partzialean (15-8).

Berdinketa hausteko hirugarren eta azken joko erabakigarriak amaiera estua izan du; izan ere, bi bikoteak launa berdinduta iritsi dira bukaerara, Erkiagaren errebote bat goiko txapara joan denean, tentsio handiko tantoak jokatu ostean (4-5).

Honenbestez, Erkiagaren eta Ibarluzearen bigarren porrot honek ia sailkatzeko aukerarik gabe utzi ditu, besteen emaitzen menpe.

Bideoak (2)