Aurkezpena
Irujo-Barriola eta Olaizola-Urruti, San Mateorako bikoteen artean
Agentziak | Erredakzioa
Iberoko aurrelaria 2014ko garaipena errepikatzen saiatuko da, eta Barriolarekin batera lehiatuko da; buruz buruko txapeldunak aurrealdea utziko du eta goizuetarraren bikotekidea izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Juan Martinez de Irujo iazko San Mateo Torneoan lortutako garaipena errepikatzen saiatuko da, udako azken torneo handian, eta Abel Barriolarekin batera lehiatuko da. Orain arte, bien artean uda bikaina egin dute, emaitzei dagokienez.
Bi nafarrek udako ia txapelketa guztiak egin dituzte elkarrekin, eta 2015eko San Mateo Torneoaren aurkezpeneko albisteetako bat izan da. Irailaren 20tik 27ra bitartean egingo dute txapelketa, udako azkena eta prestigio handiena duena.
Enpresako hiruna bikote
Txapelketa nagusian, Aspek eta Asegarcek hiruna bikote aurkeztuko dituzte; Asperen aldetik, Martinez de Irujok eta Barriolak osatutakoaz gain, Ezkurdia-Zubieta eta Altuna III-Merino II lehiatuko dira.
Asegarcek Torneoko berritasun nagusienetakoa aurkeztuko du, alegia, Mikel Urrutikoetxea aurrelaria, buruz buruko egungo txapelduna, atzelari jokatuko duela. Olaizola II.aren bikotekidea izango da; azken hori gero eta hobeto eta indartsuago ibili da azken asteetan.
Horretaz gain, Victor-Albisu (iazko txapeldunordeak) eta Bengoetxea VI-Untoria bikoteak ere aurkeztuko ditu Asegarcek.
Lehiaketa-sistema
Sei bikoteak bi taldetan banatu dituzte (enpresa zein den ez du eraginik), eta bi taldeek ligaxka bana izango dute, irailaren 20tik 25era bitartean. 26an, bi enpresek "ardoaren erronka"ko finala jokatuko dute, 1.200 botila jokoan egongo direlarik (bikoteak aurreko emaitzen arabera erabakiko dituzte); final nagusia irailaren 27an jokatuko dute, eta talde bakoitzeko txapeldunak lehiatuko dira bertan.