Kargatzen...
Itxi

Lesioak

Buruz buruko txapelketaren finala ekainaren 9ra atzeratu da, Urrutikoetxeak eskatuta

eitb.eus

Leer en Castellano

Zaratamoko pilotariak mina du ezkerreko eskuan.

Mikel Urrutikoetxea. Argazkia: EiTB

Buruz Buruko txapelketaren finala atzeratzea eskatu du Mikel Urrutikoetxea pilotariak, eta onartu egin diote eskaera. Data aldaketarekin, ekainaren 9an egingo da Irribarria eta bizkaitarraren arteko norgehiagoka. Hots, astebete beranduago.

Zaratamokoak bere enpresaren bidez (Baiko Pilota) egin du atzerapen eskaera, eta LEPM-ek aldaketa onartu du. Arautegiak horrelako eskaerak baimentzen ditu.

Urrutikoetxeak handituta du ezker eskua. Gaur, Aimar Olaizolarekin batera entrenamendu saioa egin du Bilboko Bizkaia frontoian, eta bertan ohartu da partidaren atzerapena komeni zaiola. Oraindik ez dago prest.

Data berrirako prest egongo ez balitz, finala beste pilotari batek jokatuko luke, txapelketan hirugarren postuan geratu dena. Kasu honetan, Danel Elezkano izango litzateke.

Elezkanok eta Ezkurdiak asteburu honetan jokatu behar zuten 3. eta 4. posturako partida, baina Ezkurdiak uko egin dio, mina baitu. Beraz, Danel Elezkanok jokatuko luke finala. Baina Urrutikoetxeak esan du uste duela prest izango dela ekainaren 9rako.