22-14 Berasaluze eta Beginori
Olaizola II eta Apraiz, nagusi Lekeitioko San Antolinen
ETB
Azken tantoetan urdinen garaipena oztopatzen saiatu diren arren, Berasaluzek eta Beginok ezin izan dute Miribillako loria errepikatu. 22 eta 14 mendean hartu dituzte Olaizolak eta Apraizek.
Aurten Lekeition saritzat banatutako itsas argiak jarraitu beharreko bidea erakutsi die Aimar Olaizolari eta Alexis Apraizi. Distirarik gabeko finalean urdinak nagusitu dira hasieratik. Neurketa orekatua espero zen, bi bikoteek finalerdietan egindakoa kontuan hartuta. Baina ez horixe. Olaizolak eta Apraizek alde ikaragarria zabaldu dute jarraian 8 tanto eginda.
Pabloren eta Aritzen komeriak defentsan galantak izan dira. Dena den, urdinekiko zuten aldea murrizteko gai izan dira gorriak. Partidako une batzuetan esnatu direlako eta aurkariek ere oparitxoak egin dizkietelako beste batzuetan. Aimarren kasuan ez da ohikoa izaten, baina gaur 6 pilota galdu ditu goizuetarrak. Txapa ez du gaurkoan lagun izan Aimarek. Horrela, markagailuak batzuetan ez du adierazi bi bikoteen arteko joko desberdintasuna.
13 eta 17koan 4 tantora jarri dira Berasaluze eta Begino, kantxan deseroso ibili diren arren. Materialarekin ez dira gustura aritu, batez ere atzelaria. Azken tantoetan urdinen garaipena oztopatzen saiatu diren arren, Berasaluzek eta Beginok ezin izan dute Miribillako loria errepikatu. 22 eta 14 mendean hartu dituzte Olaizolak eta Apraizek.