Itxi

Oharra

Baiko enpresak Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteari zuzendutako oharra kaleratu du

eitb.eus

Leer en Castellano

Baiko enpresak kaleratu egin du atzo burofaxez aurkeztu eta komunikabideetara zabaldu zen idatzia.

Baikoren komunikatua

Azken aldian bizi den aferaren inguruan, Baikok Pilotabizi elkarteari erantzun dio ohar baten bidez.

Pilotabizi pilotarien elkartea publikoki batzuen alde agertu izana deitoratu du Baikok. Era berean, Baikok gogoratu du enpresan jarraitzen ez duten pilotariek euren kabuz erabaki dutela enpresa uztea, egindako eskaintzari uko egin ostean.

Eusko Jaurlaritzak esan du Baiko enpresa pribatua dela eta, beraz, ez dela afera horretan sartuko.

AGIRI OSOA

"Baiko Pilotak honako hau adierazi nahi dizue: Pilotabizi Pilotazaleen Elkarteari,

1. Baiko Pilotak deitoratu egiten du Pilotabizi Pilotarien Elkarteak publikoki batzuen alde agertu eta jokatzea, gure erakundeko norbaitekin harremanetan jarri ere egin gabe eta aldez aurretik gertaeren gure bertsioa ezagutu gabe. Nekez izan daiteke edozein gai edo eztabaidari buruzko iritzi arrazoitu eta justurik jokoan dauden alderdien bertsio desberdinak modu fidagarrian ezagutu gabe.

2. Zentzu horretan, Baiko Pilotak uste du zuek darabilzuen gertakarien bertsioak hasierako akats larria duela: zuen idatzian aipatzen dituzuen pilotari gehienak gaur egun Baiko Pilotako plantillakoak ez izatea ez da enpresaren erabakiz izan, baizik eta pilotarien erabakiz; izan ere, ekonomikoki nahikoak ez direlakoan atzera bota dituzten berritze-eskaintzak izan dituzte eskuetan, eta hori bizi dugun krisi ekonomiko larriaren testuingurua kontuan izan gabe.

3. Pilota profesionala, oro har, eta Baiko Pilota, bereziki, pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari dira, bere etorkizun hurbila arriskuan jartzeraino. Hala ere, Baiko Pilotak sinatutako kontratuei erantzuten jarraitzen du, langileekiko soldata-betebeharrak betetzen ditu eta ez du kaleratzerik egin. Era berean, dagozkion zergak ordaintzen ditu, eta horietatik zati bat eskola pilota edo pilota afizionatua garatzeko diru-laguntza gisa itzuliko delakoan gaude. Eta hori guztia, orain arte diru-laguntzarik jaso gabe.

4. Mundu mailako kirol profesional guztiak, baita pilota profesionala ere, kirolarien plantillen txandatze-sisteman oinarritzen dira, atsegin ala ez. Hau da, pilota eskoletako pilotari gazteek profesional gisa debuta egin ahal izateko, beste pilotari batzuk utzi behar dute tokia, euren erabakiz, kirol ikuskizunaren behar izanengatik edo adinagatik, erakundeetan hala erabakitzen bada. Hala izan da eta hala izango da aurrerantzean ere, munduko edozein lekutako kirol profesionalari lotuta baitago. Honen harira, afizionatu mailako klubetako pilotari gazteak gure teknikariekin lanean ari dira maila profesionalera jauzi egin ahal izateko.

5. Baiko Pilotak zuen idatzian erakutsi duzuen interesa eskertu nahi du, baina gogorarazi nahi dizue hizpide dugun gaia lan-arlokoa dela eta legearen arabera ebatzi behar dela, enpresaren barne-eremuaren barruan eta enpresak lehendik dituen elkarrizketa-bideen bitartez, eta, jakina, kanpo-interferentzien presioak alde batera utzita.

6. Amaitzeko, Baiko Pilotak azpimarratu nahi dizue, dagoeneko ezagutzen duzuen arren, asko direla denboraldian zehar pilotako klub, eskola eta federazioekin egiten dituen ekintzak. Adibidez: pilotak banatzea, partidetarako sarrerak oparitzea, pilota egunak eta jaialdiak antolatzea, pilotariak promozio ekitaldietara joatea, etab.

Nahi duenak, beti aurkituko gaitu euskal pilota sustatzeko eta bultzatzeko bidean".

Albisteak (3)

Bideoak (1)