Polemika
Mariezkurrenak ez du Baikon jarraituko
eitb.eus
Berriozarko atzelariak ez ditu enpresak aurkeztutako proposamenak onartu, eta, hartara, denbora gutxian Baikotik irten den laugarren pilotaria da, Eskirozen, Victorren eta Lasoren atzetik.
Baiko Pilota enpresak jakitera eman duenez, Jon Mariezkurrena pilotariak ez du enpresan jarraituko, "aurkeztutako proposamenak baztertu ostean".
Horrela, Baikok plazaratu duen oharraren arabera, "urte honen hasieran, pilotariak atzera bota zuen aurreko kontratua nabarmen hobetzen zuen proposamena". Jarraian gaineratzen duenez, "aste honetan bertan aurkeztutako azken proposamena ere atzera bota du, nahiz eta aurreko kontratua ere hobetu".
Bilboko enpresaren esanetan, "pandemiak eragindako krisi ekonomiko honetan ezin izan ditu pilotariak egindako eskaerak onartu, gehiegizkotzat jo baititu".
Mariezkurrenaren erantzuna
Orain arte bere enpresa zenak argitaratutako oharraren aurrean, Mariezkurrenak bere desadostasuna agertu du bere sare sozialetan.
Hala, Berriozarko atzelariaren ustez, Baikok aurkeztutako lehen bi eskaintzak bere debut urtean irabazi zuena baino "apalagoak" izan ziren. Geroago, hirugarren proposamen bat iritsi zitzaion, "Binakako txapelketa betean, eta bi aldeak akordioa ixteko gertu bageunden ere, Binakakoa amaitzean sinatzea erabaki genuen". Ondoren, aste honetan bertan, laugarren eskaintza jaso du, "lauretatik apalena, debutari bezala nuen ia kontratu bera", azaldu du pilotari nafarrak.
Azkenik, Mariezkurrenak zehaztu du bere eskakizun bakarra "lan baldintza duinak izatea" izan dela, eta "lotsagarria" iruditzen zaio "hain eskaintza txikiak egitea, berritu nahi izan ez dugula esan ahal izateko".
Hona hemen Mariezkurrenak bere Instagrameko profilean argitarautako oharra:
Mariezkurrena epe laburrean Baiko enpresatik kontratua luzatu gabe alde egin behar izan duen laugarren pilotaria da; izan ere, haren aurretik Eskiroz, Victor eta Lasok antzeko egoera igaro dute. Horrek ezinegona sortu du Baikoko gainerako pilotari gehienen artean, eta, hori dela eta, kolektibo bat osatu eta agerraldi publikoa egin zuten joan den irailaren 15ean bizi duten lan-egoera salatzeko.
Enpresako pilotari gehienen babesa
Kolektibo horretako kideek ere euren oharra kaleratu dute larunbat honetan, Mariezkurrenari "babes osoa" adierazteko: "Pilotari gaztea, etorkizun handikoa, tratu eta lan kontratu duinak jasotzeko besteko kirol merituak egin dituena. Zoritxarrez, ez ditu ez bata ez bestea jaso", adierazi dute.
Era berean, kritiko agertu dira enpresaren jarrerarekin, izan ere, Baikoren aldetik ez dute "kolektibo gisa" erantzunik jaso egindako erreklamazioen aurrean, eta deitutako "banakako bilerak" baztertu dituzte.
Azaldu dutenez, bilera horiek "soldata % 20 jaisteko proposamena" dakarte berekin, enpresak "ekonomikoki justifikatu" ez diena. Euren aburuz, gainera, batzar horien xedea da "pilotari bakoitza banaka presionatzea" eta duten "batasuna usteltzea".