Gertakaria Pauen (Frantzia)
Gizon bat hil da pilotakada baten ondorioz pala neurketa batean
Erredakzioa
Gomazko pilota trinko batek 44 urteko jokalariaren lokian jo zuen eta hil egin zen. Tragedia ostiralean gertatu zen Clermonteko trinketean.
Pilotari bat hil da Pauen (Frantzia), istripu baten ondorioz. Gomazko pilota trinko batek jokalariaren lokian jo zuen eta hil egin zen bihotzekoak jota, 'La Republique' egunkariak jakitera eman duenez.
Tragedia Clermonteko trinketean jazo zen, ostiralean. Palastruc bertako taldearen lau bazkide lagunarteko paleta neurketa jokatzen ari ziren. Tanto gutxi batzuk jokatu zirenean, pilota desbideratu egin zen palaren ertzean jo ostean eta jokalariaren lokian eta bekainean amaitu zuen.
Pilotariak buruari eutsi zion instant batean eta ondo zegoela zirudien, baina minutu gutxi batzuk geroago zerraldo erori zen kantxan.
Horrrela, 44 urteko Thierry Estrem hil egin zen. Bi seme-alaba zituen eta duela 12 urte federatu zen. Ostiralean ez zen jokatzekoa, baina azken orduan pilotari bat ordezkatu behar izan zuen. Antza denez, istripuaren unean ez zeraman kaskorik, ezta betaurrekorik ere.