Urtarrilaren 8tik aurrera
Jon Erasun atzelariak ez du Baikon jarraituko
EITB MEDIA
Zizurkilgo pilotariak urtarrilaren 8an jokatuko du bere azken neurketa Bilboko enpresarekin, Labrit pilotalekuan.
Jon Erasun (Zizurkil, 1996) pilotariak ez du Baiko Pilota enpresan jarraituko urtarrilaren 8tik aurrera, Bilboko pilota enpresak asteazken honetan jakinarazi duenez.
Zizurkilgo atzelariak Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du bere azken partida Baikorekin. Artola izango du bikotekide, eta Agirreren eta Aretxabaletaren aurka arituko dira. Ondoren, Binako Txapelketako 8. jardunaldiari dagokion Ezkurdia-Tolosa vs Elezkano II-Zabaleta neurketa jokatuko da.
Erasunek 2016ko azaroaren 5ean egin zuen debuta Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta ordutik ia 200 partidatan parte hartu du.
Plazaratutako oharrean, Baiko Pilotak "eskerrak" eman nahi izan dizkio bere orain arteko ibilbidean erakutsitako "profesionaltasunagatik eta egindako lanagatik". Era berean, "etorkizunean zortea izan dezala" opatu dio.