LESIOA
Oinatz Bengoetxeak min hartu du, eta zalantzan dago Labriteko azken agurrean izatea
A. A. | EITB MEDIA
Leitzarrak "ezkerreko iztondoan" hartu du min Markinan jokatzen ari zela, Elordiren eta Bikuñaren aurkako lehian.
Oinatz Bengoetxea lesionatu egin da larunbat honetan, Markinan, Bizkaiko frontoietatik agurtzeko partidan. Leitzako aurrelaria, Aretxabaletarekin batera bikotea osatuz, Elordiren eta Bikuñaren aurka aritu da, eta markagailuak 19 eta 10ekoa irudikatzen zuenean (azken bien alde), aldageletarako bidea hartu behar izan du pilotari nafarrak, min hartuta.
Neurketa amaitu ostean Euskadi Irratiko lankideei egindako adierazpenetan Bengoetxea VI.ak berak adierazi duenez, "ezkerreko iztondoan" hartu du min, eta pilotariak berak baztertu egin du datorren astelehenean Tolosan zuen hitzorduan jokatzeko moduan egongo denik. Bertan, Albisurekin bikotea eginez, Altuna III.aren eta Bikuñaren aurka aritzekoa zen. Gerora, Baiko Pilotak plazaratutako ohar batean azaldu du Iñaki Artolak hartuko duela Oinatzen lekua Beotibarreko jaialdian.
¿¿Artolak Bengoetxea VI.a ordezkatuko du astelehenean Tolosan°°. Oinatzek min hartu du ezker iztartean Markina-Xemeinen
— Baiko Pilota (@baikopilota) January 22, 2022
¿https://t.co/DLvHDoEGUv
¿¿Artola sustituirá a Bengoetxea VI el lunes en Tolosa. Oinatz ha sufrido un dolor agudo en la ingle izquierda en Markina-Xemein
Horrez gain, leitzarra ezkor agertu da datorren larunbatean, Labriten, profesional gisa jokatu behar zuen azken agur-neurketan egoteko aukeraren aurrean. Dena dela, astelehenean egingo dizkiote osasun-probak, eta horren arabera hartuko dute erabakia. Dena den, bere azken lehia horretan jokatzeko moduan izango ez balitz, agur-partida hori beste egun batera atzeratuko lukete.
Bengoetxea VI.ak ostiral gauean beste lehia bat jokatu zuen, Uriondorekin batera, Alberdi II.a-Aretxabaletari aurre egiteko, eta bertan 500. garaipena erdietsi zuen profesional mailan. Horrez gain, Sebastian Lizasoren bertsoa jaso zuen omenaldi gisa.