Promozio Mailako Binakakoa
Zabala eta Etxebarria nagusitu zaizkie Bakaikoari eta Elizegiri finalean (8-22)
EITB Media
Baikoko pilotariek ezin izan diote Aspekoen presioari aurre egin, partida hasieratik menderatu baitute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aspeko Javier Zabala eta Oier Etxebarria pilotariek jantzi dute aurtengo Binakako Promozio Txapelketako txapela Iruñeako Labrit pilotalekuan, ia finalaren hasieratik Joanes Bakaikoa eta Iker Elizegi bikoteari nagusitu ondoren (8-22).
Etxebarriak Promozioan irabazi duen bigarren txapela da hau, 2019an ere jaso baitzuen; hala ere, bere kide Zabalarekin irabazten duen lehena da.
Elizegiren huts baten ondoren markagailuak lehen tantoa jaso du; segituan, Bakaikoak gantxo indartsu batekin erreakzionatu du, eta markagailua 1-1 berdinduta utzi du. Hala ere, Aspeko bikotearen erantzuna ikaragarria izan da, eta Baikokoei sei tantotan aurrea hartu dute (1-7).
Hurrengo tantoak bi bikoteen artean banatu dira, lehen atsedenaldira zazpi puntuko aldearekin helduta (5-12).
Bakaikoa eta Elizegi indarberrituta itzuli dira kantxara, eta markagailuari beste hiru puntu gehitzea lortu dute (8-12). Hala ere, gutxi iraun die gora-jotzeak, Zabalaren sotamano batekin lortutako lehen tantoarekin Aspekoek, bata bestearen atzetik, txapeldun izateko behar zituzten beste hamar tantoak lortzen hasi baitira (8-22).
MARKAGAILUA TANTOZ TANTO: 0-1, 1-1, 1-2, 1-3, 1-4, 1-5, 1-6, 1-7, 2-7, 2-8, 3-8, 3-9, 4-9, 5-9, 5-10, 5-11, 5-12, (lehenengo atsedenaldia), 6-12, 7-12, 8-12, 8-13, 8-14, 8-15, 8-16, 8-17, 8-18, (bigarren atsedealdia), 8-19, 8-20, 8-21, 8-22.