Erremontea
Urriza da buruz buruko txapelduna, finalean Barrenetxea IV.a mendean hartuta
A. B. E. | EITB Media
Javier Urrizak 27-30eko emaitzarekin lortu du garaipena Endika Barrenetxearen aurka buruz buruko finalean eta txapela jantzi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Javier Urriza da erremonteko buruz buruko txapelduna larunbat honetan (irailak 10) Endika Barrenetxeari finala irabazita 27-30eko emaitzarekin. Ikuskizu bikaina eskaini dute.
Parekotasuna nagusi izan da hasieratik eta bi jokalariei kosta egin zaie markagailuan zuloa zabaltzea (1-1, 2-2 eta 3-3). Hirunako berdinketaren ostean Urrizak hiru tantoko errenta lortu du (3-6), baina azkar erantzun du Endika Barrenetxeak neurketa berdintzeko (6-6). Ondoren, Urrizak berriz abantaila hartu du (6-8), nahiz eta aurkariak ez dion ihes egiten utzi (8-8). Markagailuan berdinketak bata bestearen ostean ikusi ahal izan dira (9-9, 10-10 eta 11-11) Barrenetxeak hiru tantoko zuloa ireki duen arte (14-11). Javier Urrizak, ordea, ez du etzi eta lau tanto jarraian eginda aurretik iritsi da lan erdietara (14-15).
Atseden tarte bat hartu eta gero Endika Barrenetxeak hamabosnakoa jarri du markagailuan (15-15). Bolada ona hartu du eta tantoak jarraian egiten hasi da (19-15). Urrizari maldan gora jarrai zaio norgehiagoka, baina aurkariaren bolada etetea lortu du (19-16), berriz lehia parekatu duen arte (19-19).
Partida gorabeheratsua izan da. Hemeretzinako berdinketaren ostean Barrenetxea IV.ak aurrea hartu du (21-19); Urrizak, ordea, azkar erantzun du eta berdinketak bata bestearen atzetik etorri dira (21-21, 22-22, 23-23 eta 24-24).
Azken txanpan hobeto ibili da Javier Urriza, bi tantoko aldea erdietsi du (24-26), Endika Barrenetxeak desabantaila murriztu du (25-26), baina Urrizak bideratuta utzi du garaipena 29. tantoa egin eta hiru tantoko abantaila lortuta (26-29). Azkenera arte ez du etsi Barrenetxea IV.ak; hala ere, Urrizak azken tantoa bereganatu eta finala irabazi du (27-30).