Urriaren 23tik 29ra artean
Biarritzeko Pilotako Munduko Txapelketa berritasunez beteta dator
Agencias | EITB Media
Urriaren 23tik 29ra artean jokatuko da 2022ko Munduko Txapelketa. Biarritz, Baiona, Hasparren eta Bidarteko frontoietan jokatuko dira partidak.
Biarritzek hartuko du 2022ko Pilotako Munduko Txapelketa urriaren 23tik 29ra artean. Guztira, 34 herrialdek parte hartuko dute, orain arteko parte-hartze handiena izango dena. Euskal Selekzioa ez da Munduko Txapelketan egongo; beraz, Espainiako eta Frantziako selekzioekin jokatuko dute euskal ordezkariek.
Inaugurazioa ekitaldia igande honetan (urriak 23) egingo da, 17:00etan, eta zuzenean eskainiko du eitb.eus-ek.
Hainbat berritasun izango ditu txapelketak: zesta-puntan emakumezkoen mailako lehiaketa egongo da, paletak ez dira zur noblezkoak izan beharko eta karbono-zuntzezko materialak erabili ahalko dira, gomazko modalitateetan lehiatuko diren gizonezkoek prakamotzetan jokatuko dute, eta Munduko Txapelketak lehen aldiz hartuko du frontball modalitatea.
Zesta-puntako emakumezkoen mailako txapelketarako lehen urratsa eman zen 2021eko Gaztela eta Leongo Munduko Txapelketan: 36 metroko frontoian txapeldun izan ziren Maite Ortiz de Mendibil eta Eneritz Lizardi. Bi puntista hauek 2022ko Munduko Txapelketan parte hartuko dute eta emakumezkoek 54 metroko frontoian, handienean, jokatuko dute.
Gomazko paleten materialari dagokionez, ez da derrigorrezkoa zurezkoak edota zur noblezkoak izatea, eta sintetikoak diren karbono-zuntzezkoak izan ahalko dira. Gainera, janzkeran ere aldaketak egongo dira: gizonezkoek prakamotzetan jokatuko dute; emakumezkoek, bestalde, gonarekin.
Baina berritasun nagusia frontball txapelketarena da. Horma nagusiarekin soilik jokatzen da, alboko hormarik gabe. Modalitate honetako partidak Bidarteko frontoian jokatuko dira. Asko zabaltzen ari den modalitatea da; adibidez, datorren urtean Txilen egingo den Panamerikako Jokoetan ere fontballak bere tokia izango du. Munduko Txapelketaren ostean, Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak prestakuntza ikastaroak emango ditu Venezuelan.
Munduko Txapelketako diziplina ezberdinetako neurketak Biarritzen, Baionan, Hasparrenen eta Bidarten jokatuko dira, 30, 36 eta 54 metroko frontoietan, trinketean eta frontballean. Pilotaleku handiena Biarritzekoa da, 1.200 pertsonako edukierarekin. Sarrera guztiak salduta daude jada.
2018an Bartzelonan egin zen Munduko Txapelketa Frantzia izan zen domina gehien lortu zituena Espainia bigarren izan zelarik zilarrezko domina bat gutxiago lortuta.