PILOTAKO MUNDUKO TXAPELKETA
Ducassou, trinketeko eskuz banakako munduko txapeldun
EITB Media
Iparraldeko pilotariak mendean hartu du Luis Sanchez finalean. Sanchezek min hartuta utzi behar izan du partida bigarren setean.
Baptiste Ducassou da 2022ko trinketeko eskuz banakako munduko txapelduna, ostiral honetan (urriak 28) Biarritzeko Munduko Txapelketako finalean Luis Sanchez mendean hartuta (15-14 eta 15-2).
Ducassouk bereganatu du lehen seta 15-14ko emaitzarekin. Iparraldekoa tanto bakarragatik nagusitu zaio Nafarroakoari. Bigarren setaren hasieran, aldiz, Sanchezek min hartu du 0 eta 2 irabazten ari zenean; lurrera bota da pilota eramateko eta etzanda geratu da sorbaldako minarekin. Medikuekin egon ostean, ezin izan du jarraitu, eta bigarren seta irabazitzat eman diote Ducassouri 15-2ko emaitzarekin.
Amaieran, urrezko domina Baptiste Ducassourentzat izan da, eta zilarrezkoa zintzilikatu du Luis Sanchezek.
Laberdesque-Driolet bikotea, Xareko txapeldunak
Xareko finalean Olivier Laberdesque eta Bruno Driollet frantziarrak nagusitu dira Jose Ignacio Lopeteguiren (Irura) eta Sebastian Moncadaren aurka jokatu duten finalean, bi setetan (2-0).