PILOTAKO MUNUDUKO TXAPELKETA
Labaka eta Merino, eskuz binakako munduko txapeldunak; Retegi BI, txapeldunorde banakakoan
EITB Media
Eneko Labakak eta David Merinok garaipena lortu dute Munduko Txapelketako finalean Israel Gonzalez eta Kevin Hernandez mexikarren aurka (2-0). Bestalde, banakakoan Julen Retegik galdu egin du David Alvarezen kontra (2-0).
Eneko Labaka eta David Merino dira 2022ko esku pilotako binakako txapeldunak, larunbat honetan (urriak 29) Biarritzeko Munduko Txapelketako finalean Israel Gonzalez eta Kevin Hernandez mexikarrak mendean hartuta.
Labaka eta Merino bi setetan nagusitu dira Gonzalezen eta Hernandezen kontra (2-0). Gipuzkoarrak (Albiztur) eta errioxarrak osatu duten bikoteak 10-3ko emaitzarekin irabazi du lehen seta; bigarrena, ostera, 10 eta 4 irabazi dute.
Retegi BI, txapeldunorde banakakoan
Julen Retegi nafarrak galdu egin du David Alvarezen aurka jokatu duen banakako finala, bi setetan (2-0). Mexikokoak lehen seta bereganatu du 10-8ko emaitzarekin. Bigarren setean Nafarroako pilotariak ezin izan du neurketa berdindu, eta galtzaile izan da 10-5eko emaitzarekin.
Ondorioz, David Alvarez mexikarra da esku pilotako banakako munduko txapelduna.