2. JARDUNALDIA
Goikoetxea eta Etcheto, B multzoko lider Beaskoetxea eta Lopez garaituta
B. L. G. | EITB MEDIA
Irabazleek 15-12ko emaitza lortu zuten lehen setean; bigarrenean, berriz, 15-10ekoa. Hortaz, 4 puntu bildu, eta B multzoko lider jarri ziren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etchetok Eusko Label Winter Serieseko lehen garaipena erdietsi zuten atzo, Diego Beaskoetxea eta Imanol Lopez mendean hartuta. Bi setak irabazita lortu zuten garaipena laranjek; hortaz, 4 puntu batu zituzten; galtzaileek, ordea, bat bera ere ez.
Lehen seta parekatua izan zen. Hiruna berdindu zuten hastapenean, baina laranjek 4 tanto egin zituzten jarraian (7-3). Batez ere Beaskoetxeak ez zuelako sakearekin asmatzen Goiko gainditzeko, eta zumaiarrak ederto baliatu zuen hori errestoarekin tantoak pilatzeko. Dena den, Etcheto deseroso zebilen kantxaren gainean (hainbat pilota galdu zituen), eta bikote zuriak hamarna berdintzea lortu zuen (9-6, 10-8 eta 10-10).
Hortik aurrera, amaiera estu-estua izan zuen setak (11-11 eta 13-12). Hala ere, bikote laranjak berriro abantaila hartu, eta seta 15 eta 12 bereganatzeko gai izan zen, Goikoren jardun onari esker. Zumaiako aurrelari beteranoak 12 tanto egin zituen lehen joko horretan, eta ez zuen alerik galdu.
Bigarren setean, Etchetok bere jokoa zuzendu zuen, eta bikote laranja errazago gailendu zen, nahiz eta seteko lehenengo tantoa zurientzat izan. Hala, abantaila erraz galdu zuten (0-1, 3-2 eta 7-3), eta atzetik joan ziren hortik aurrera. Laranjek hiru tantoko abantailari eutsi zioten ia set osoan (11-8, 12-9 eta 13-10), eta, azkenerako, 5 tantoko aldearekin irabazi zuten.
Horrenbestez, Goikoetxea eta Etcheto setik galdu gabe gailendu zirenez, 4 puntu batu zituzten, eta B multzoko buru jarri dira; Beaskoetxeak eta Lopezek, berriz, ez zuten punturik bildu.