Itxi

AKORDIOA

Jai Alai League aurkeztu dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko zesta-punta txapelketen liga bateratua

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko txapelketak batuko ditu, urte guztiko egutegia betetzeko. Puntuazio eta sailkapen bateratuak izango ditu, eta azken fase itxura izango duen torneo batekin bukatuko da denboraldia.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Zesta-puntak egun "historikoa" bizi izan du gaur, kirol horrentzat mugarria izan daitekeena; izan ere, Eusko Label Winter Series txapelketaren finalerdien atarian, Jai Alai League izenarekin bataiatu duten Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketak uztartzen dituen liga bateratua aurkeztu dute, Gernikako Jai Alai frontoian.

Aurkezpen horretan izan dira Gaizka Muniategi eta Zigor Etxeberria (Eraman Jai Alai), Frédéric Cadet eta Michel Billac (Donibane Lohizune), Lilou Echeverria (Biarritz) eta Jean Dominique Olharan (Pau), hau da, Gernikako, Iparraldeko frontoi nagusietako eta Paueko ordezkariak, hurrenez hurren.

Orain arte, zesta-punta "zatituta" egon dela aipatu dute. Alde batetik, Iparraldeko "frontoi eta txapelketa prestigiotsuak" izan dira, eta, bestetik, Hegoaldekoak. Hori bai, mugaren alde batean eta bestean jokatzen duten pilotariak, berak izanik, "baina bi kirol-sistema ezberdinetan lehiatzen aritu direnak".

Haien esanetan, "horixe izan da orain arteko oztoporik handiena zesta-puntaren hazkundearentzat". Aitzitik, "akordio historiko honekin, liga bateratu bat " sortzea lortu dutela nabarmendu dute. Aipatu lehiaketak urte guztiko egutegia izango du, puntuazio eta sailkatu bateratu batekin. Gainera, pilotari onenak azken fase itxurako txapelketara sailkatuko dira.

JAI ALAI LEAGUE, IPARRALDEAREN ETA HEGOALDEAREN BATERATZE "HISTORIKOA"

Urtebeteko epean Winter Series txapelketak ikusgarritasun handia eman dio zesta-puntari, eta Euskal Herri osoko zaleak joaten dira Gernikara. Hala ere, hori ez da berria Iparraldean, hamarkadak baitaramatzate frontoiak betetzen. Biarritzeko Urrezko Xisterak 46 edizio ditu, eta historia eta pisu handikoa da Iparraldeko gizartean. Berdin Donibane-Lohizuneko Nazioartekoek ere. 25.000 zaletik gora batzen dituzte uda bakoitzean, uztaileko eta abuztuko partiduetan. Paueko frontoi bikaina azkenik, 2006an eraikitakoa da. Frantziako zirkuituan hirugarren zutabea da, eta urtez urte pisu handiagoa ari da hartzen zesta-puntaren mapan.

Hori guzti hori kontua hartuta, 2021. urtean bat egin zuten Donibane Lohizuneko, Biarritzeko eta Paueko frontoiek, Summer League txapelketa sortzeko. Orduz geroztik, zirkuitu bakarra osatzen dute Donibaneko "Nazioarteko"ek (Internationaux), Biarritzeko Urrezko Xisterak (Gant D'Or) eta Paueko Kopak (Pau Cup). Orain hiru hauekin bat egiten du Gernikako Winter Seriesak, denen artean Jai Alai League berria sortzeko.

JAI ALAI LEAGUE 2023

Horrenbestez, lau txapelketa nagusi izango ditu aurtengo Jai Alai Leaguek:

1 - Gernikako Winter Series txapelketa

2 - Donibane Lohizuneko Nazioartekoak

3 - Biarritzeko Urrezko Xistera

4 - Paueko Kopa

Antolatzaileek argitara eman dutenez, Gernikan une honetan jokatzen ari diren Winter Serieseko partiduak Jai Alai Leaguerako puntuatzen ari dira jada. Liga horretako txapelketa guztiek izango dute puntuazio-sistema bera, eta, horren arabera, sailkapen bat osatuko da. Sailkapen hori kontuan hartuta, Jai Alai Leagueren azken fasea jokatuko da urte amaieran, sailkapeneko pilotari onenekin. Azken fase hori Hegoaldean jokatuko da 2023an.

PRO-AM TXAPELKETEN SENDOTZEA

Jai Alai League sortzeaz aparte, bigarren mailako Pro-Am txapelketak ere sustatuko dituztela aurreratu dute. Eraman Jai Alai enpresak, aurten lehenbizikoz, Winter ProAm txapelketa antolatu du. Bide horretan pausu berriak eman nahi dituzte orain, Iparraldean oso sendotuta dagoen Pro-Tour zirkuitua, profesional eta amateurrek nahastean jokatzen dutena, eredutzat hartuta.

Bideoak (1)