Itxi

Pala

Gordon eta Fusto, Urrezko Pala Proko txapeldunak

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Gordon-Fusto bikoteak jantzi du txapela, finalean Gaubeka eta Urrutia mendean hartuta, hiru jokotan (8-10, 6-10 eta 6-10).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gordonek eta Fustok irabazi dute Urrezko Pala Pro Txapelketa larunbat honetan, martxoaren 25ean, Mungian. Finalean Gaubeka eta Urrutia mendean hartu dituzte hiru jokotan (8-10, 6-10 eta 6-10).

Lehen jokoa parekatuta hasi da (1-1, 2-2, 4-4 eta 5-5). Bi bikoteek huts asko egin dituzte eta kosta egin zaie markagailuan zuloa irekitzea. Bosnakoaren ostean, bi tantoko errenta erdietsi dute Gordonek eta Fustok, baina Gaubekak eta Urrutiak lehia berdintzea lortu dute (7-7). Ondoren, zortzinako berdinketa (8-8) eman da, eta azken bi tantoetan nagusitu da Gordon-Fusto bikotea 8-10eko emaitzarekin.

Bigarren jokoaren hasieran hobeto ibili dira lehen jokoko irabazleak eta azkar lortu dute hiru tantoko abantaila (0-2 eta 2-5). Gaubekari eta Urrutiari min eman die estreinako jokoa galtzeak, eta hiru tantoko desabantaila ezin murriztuta ibili dira. Ondorioz, Fustok eta Gordonek nagusitasunez bereganatu dute bigarren jokoa (6-10).

Hirugarren jokoa nahitaez irabazi beharra zuten Gaubekak eta Urrutiak txapela janzteko aukerak izaten jarraitzeko, eta, jokoan asko zegoenez, estu joan da hirugarren jokoaren hasiera; berdinketak bata bestearen ostean etorri dira (1-1, 2-2 eta 3-3). Hirunakoaren ostean hautsi dute jokoa Gordonek eta Fustok, hiru tantoko abantaila lortuta (4-7). Oso maldan gora jarrai zaio finala Gaubeka-Urrutia bikoteari, baina ez du etsi eta tanto bakarrera gerturatu da (6-7). Hala ere, Gordon eta Fusto ez dira urduri jarri, aurkariek baino hobeto jokatu dituzte azken tantoak, eta hirugarren jokoa irabazita, txapelketa bereganatu dute (6-10).

 

Albisteak (2)

Bideoak (1)