Ezohiko batzarra
Euskadiko Federazioa kidetzat hartzea eztabaidatuko du Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak
EITB MEDIA
Nazioarteko erakundearen zuzendaritza batzordeak ezohiko batzarra egingo du, bere estatutuen aldaketa aztertzeko.
Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) zuzendaritza batzordeak astelehen honetan, apirilaren 10ean, egindako bileran erabaki duenez, ezohiko batzarra egingo du datozen 90 egunetan, erakundearen "estatutuak aldatzea proposatzeko", "Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak kide gisa onartua izateko egindako eskaria dela eta".
Xavier Cazaubon Nazioarteko Federazioko presidenteak eskatu du ezohiko batzarra. Astelehenean adostutakoa Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren web orrian eta Facebookeko kontu ofizialean dago jasota, aktan.
Eskaera onartuz gero, Euskadiko Esku Pilota Federakuntzak Espainiako Pilota Federazioko kide izateari utziko lioke, eta Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren 34. federazioa izango litzateke, honako hauekin batera: Argentina, Belgika, Bolivia, Brasil, Kanada, Costa Rica, Kuba, Txile, Txina, Ekuador, El Salvador, Espainia, Ameriketako Estatu Batuak, Filipinak, Frantzia, Guatemala, Ginea, Haiti, India, Iran, Italia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Polonia, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Togo, Uruguai eta Venezuela.
Kirolaren Lege berria abenduaren 22an onartu zuen Diputatuen Kongresuak; legeak baimena ematen die "sustraitze historikoko eta sozialeko kiroletako" euskal selekzioei nazioarte mailan lehiatzeko, eta horrek Euskadiko pilota selekzioari eragingo lioke.