1. JARDUNALDIA
Goikoetxea V-Barrenetxea IV eta Aldabe-Azpiroz bikoteak garaile 'Erremontari'ko irekiera-jardunaldian
B. L. G. | EITB MEDIA
Oialume Zarrekoek bi setetan hartu dituzte mendean Urriza eta Martirena. Petritegikoek, berriz, Ansa eta Zaldua garaitu dituzte, 3 set jokatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Aldabe-Azpiroz (Petritegi) bikoteek irabazi dituzte "Erremontari" saioko 1. jardunaldiko lehen partidak. Urriza-Martirena (Alorrenea) eta Ansa II-Zaldua (Aburuza) menderatu dituzte, hurrenez hurren.
2023ko edizioa berrikuntzekin dator; izan ere, Jai Alai Winter Seriesen ezagututako seten formatua ikusiko dugu Galarretan. Hortaz, bi set jokatuko dira, 15 tantora. Bikote bakoitzak set bat irabaziko balu, hirugarren set bat jokatuko da, 5 tantora.
Lehen partida Urriza-Martirena (Alorrenea) eta Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar) bikoteek jokatu dute. Gorriak 4-2 aurreratu dira markagailuan. Hala ere, bikote urdinak sakea berreskuratu duenean, markagailua irauli du atsedenaldi laburrera 8-4 aurretik joateko. Urdinak 11-5 aurreratu dira gero, baina azken tantoa egitea kostatu egin zaie; izan ere, 14. tantoa egin eta gero, gorriek beste bi egitea lortu dute Oialume Zarrekoek seta itxi aurretik (15-7).
Bigarren setean ere, urdinak gailendu dira. Gorriak, baina, 3-0 aurreratu dira. Tantoak tartekatuz, 5-5 berdindu da markagailua. Seina eta zazpina ere berdindu dute, eta 8. tantoa gorrien aldekoa izan da, atsedenaldira aurretik heltzeko balio izan diena. Lehen zatian legez, Barrenetxeak sakea berreskuratu duenean, bikote urdinak min handia egin du. Gorriak 9-7 aurreratu diren arren, urdinek berdinketa lortu, eta aurrea hartu dute: 11-9. Urrizak eta Martirenak ez dute amore eman, eta berdinketa eskuratu dute beste behin (11-11). Azkenean, 15-12ko markagailuarekin, Gipuzkoako bikoteak poltsikoratu ditu bigarren seta eta partida, eta, bide batez, 4 puntu eskuratu ditu.
Bigarren norgehiagokan, Ansa II-Zaldua (Aburuza) eta Aldabe-Azpiroz (Petritegi) aritu dira aurrez aurre. Gorriak 3-0 eta 5-1 aurreratu dira lehen setaren hasieran. Urdinak defentsan sendotu eta Ansa partidatik kanpo utziz, 7-0eko partzialarekin, 8-5 aurreratu dira. Atsedenaldiaren ostean, lan gehiago izan dute urdinek tantoak egiteko, baina 15-9 irabazi dute lehen jokoa.
Hurrengo setean, 2-2 eta 3-3 berdindu ondoren, 5-3 aurreratu dira urdinak; gorriek, baina, berdintzea lortu dute. Urdinek, gero, 3-0eko partzialarekin, atsedenaldira aurretik heltzea lortu dute bigarrenez. Setaren amaiera gogorra eta parekatua izan da: 9-9, 11-11 eta 12-12. Imanol Ansa urnietarra jokoan sartu da orduan, eta bi pareta dotore batekin lehenik, errebotera bidalitako pilotakada batekin gero eta berak landutako tanto baten ondoren etorri den atzelari urdinaren hutsarekin azkenik, bigarren seta irabazi dute gorriek, "Erremontari"ko lehen set erabakigarria behartzeko.
Partida ixteko, hirugarren setean urdinak 5-1 nagusitu dira. Azken tantoan, lekuz kanpo harrapatu ditu Aburuzakoak, eta ezin izan dute ezer egin porrota ekiditeko. Gauzak horrela, Petritegiko bikoteak 3 puntu bildu ditu; Aburuzakoak, berriz, 1.