Itxi

''Erremontari''

Urriza-Martirena eta Segurola-Juanenea bikoteek jokatuko dute "Erremontari" txapelketako finala

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a (15-14 eta 15-2) eta Ezkurra II.a eta Zubiri (13-15, 15-13 eta 5-2) menderatu dituzte, hurrenez hurren, XIII. Sagardoaren Txapelketako finalerdietan, Hernaniko Galarretan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Javier Urriza eta Ibai Martirena eta Beñat Segurola eta Aritz Juanenea erremontistek osatutako bikoteek jokatuko dute, ekainaren 12an, astelehenean, Hernaniko Galarretan, "Erremontari" saioan, XIII. Sagardoaren Txapelketako finala; izan ere, astelehenean frontoi horretan bertan jokatutako finalaurrekoetan, Urrizak eta Martirenak Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a menderatu dituzte, bi setetan (15-14 eta 15-2), eta Segurolak eta Juaneneak Ezkurra II.a eta Zubiri kanporatu dituzte hiru jokotan (13-15, 15-13 eta 5-2). Hala, bi bikote garaileek "Erremontari"ren final handirako txartela eskuratu dute.

Sagardoaren Txapelketako txapelak, hortaz, final-laurdenetako ligaxkako azken sailkapenean lehen bi postuetan amaitu duten bi bikoteek jokatuko dituzte. Urriza-Martirena eta Segurola-Juanenea izan ziren final-laurdenetako fase horretako erregularrenak, eta berretsi egin dute finalerdietan. Final-laurdenetan nor baino nor gehiago izan zirenean, Segurolak eta Juaneneak irabazi zuten, hiru setetan, hirugarren jardunaldian, maiatzaren 1ean, baina hura ligaxkan izan zen, eta orain finala dute aurretik; beraz, ez dago beste aukerarik. Partidak xarma handia du, eta oso erakargarria da.

Hala, Urrizak eta Martirenak argi menderatu dituzte Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a lehen finalaurrekoan. Gorriek, nafarrek, Alorrenea sagardotegiaren ordezkariek, bi setetan erabaki dute partida; urdinek, gipuzkoarrek, Oialume Zar sagardotegiaren ordezkariek, asko estutu dituzte aurkariak lehen jokoan, baina bigarren jokoan, ordea, ez dute inolako aukerarik izan.

Neurketaren hasieran, Javier Urrizak eta Ibai Martirenak hartu dute aurrea; 5-3koa jarri dute, eta, pixkanaka, aldea handitu egin dute. Etenaldian, 8-5 zihoan partida, eta jarraian 11-5 ere izan dira bi bikoteak; baina, puntu horretan, finalaurrekoa aldatu egin da, eta urdinak gerturatzen hasi dira. 5-0eko partziala eginez, 11na berdindu dute, baina gorriek ez dute etsi, eta 14-12 aurreratu dira. Bikote urdina, nolanahi ere, amaierara arte borrokatu da, eta berriro lortu du berdinketa, 14-14; Urriza eta Martirena gailendu dira azken tantoan, eta aurreneko puntua eskuratu dute.

Lehen jokoaren azken tantoan erdietsitako 1-0ekoak bultzatuta, gorriek bikain heldu diote bigarren setari. Urriza iruindarrak eta Martirena lekunberritarrak abantaila hartu dute, eta, sendo eta ederto jokatuz, 15-2 irabazi dute, azkenean. Goikoetxeak eta Barrenetxeak ezin izan dituzte aurkariak estutasunean jarri; aurrelari urnietarrak ez du errematean minik egiterik izan, eta Barrenetxea hernaniarra, etxean, saiatu da atzealdean Martirena menderatzen, baina alferrik.

Horrenbestez, Urrizak eta Martirenak final-laurdenetako ligaxkan jasotako 2-0ekoa bueltatu diete Goikoetxeari eta Barrenetxeari. Orduan, lehen jardunaldian, bi gipuzkoarrek 15-7 eta 15-12 irabazi zuten; orain, baina, finalaren atarian, ligaxka horretako lehen sailkatuek erakutsi dute sasoi puntu onean daudela, eta final handirako txartela eskuratu dute.

Bigarren finalerdian, berdintasun handiagoa izan da. Segurolak eta Juaneneak hirugarren seta behar izan dute, finalera sailkatzeko. Hainbat tartetan, gorriek kontrolpean izan dute lehen jokoa; puntua, baina, urdinek eskuratu dute. Beñat Segurola eta Aritz Juanenea, Bereziartua sagardotegiko ordezkariak, 10-4 aurreratu dira, etenaldiaren ostean; baina Josetxo Ezkurrak eta Aritz Zubirik (Gurutzeta sagardotegia ordezkatzen dute) ez dute amore eman, 7-1eko partziala lortu dute, eta 11-11koa jarri dute markagailuan, berdinketa. Aurreneko jokoaren azken zatian, Ezkurrak eta Zubirik gehiagotan asmatu dute, eta 15-13 gailendu dira, finalaurreko lehen puntua irabazita.

Doneztebeko aurrelariak eta Goizuetako atzelariak, finalaurrekoan aurrea hartuta, indar handiz heldu diote bigarren jokoari: 6-1 jarri dira aurretik, eta une horretan bazirudien gorriek gero eta urrunago zutela finala. Baina, 2-6koa jarrita, Segurolak, Aizarnazabalgo aurrelariak, erosoago jokatu du, eta Juanenea saldiastarrak, atzealdetik, kalitate handiko sake batzuk sartu ditu. Hala, ziztu bizian, gorriak 8-7 jarri dira aurretik, eta 12-7 handik gutxira. Ezkurrak eta Zubirik 12na eta 13na berdindu dute, baina azken bi tantoak gorriek egin dituzte, bata bestearen atzean; beraz, neurketa hirugarren setera iritsi da.

Set erabakigarrian, Segurola eta Juanenea nagusitu dira; 5-2 irabazi dute, eta, horrenbestez, finala jokatuko dute. Azkenean, final-laurdenetako neurketan jazotakoa errepikatu da; orduan ere, duela astebete, finalistek irauli egin zuten markagailua, hirugarren jokoan nagusituta.

Albisteak (1)

Bideoak (1)