Caixabank Mastersa
Ezkurdiak eta Mariezkurrenak Caixabank Mastersean lortutako garaipena berretsi nahi dute aurten ere
Agentziak | EITB MEDIA
Finalerdiak irailaren 29an jokatuko dituzte, 21:15ean hasita; finala, berriz, urriaren 1ean izango da, 17:00etatik aurrera.
Iruñeko Nafarroa Arenak hartuko du aurten Caixabank Pilota Mastersa. Lau bikote arituko dira lehian iraileko azken asteburan, iaz Joseba Ezkurdiak eta Jon Mariezkurrenak lortutako garaipenaren bila.
Irailaren 29an, ostirala, Ezkurdia-Mariezkurrena eta Jaka-Martija bikoteek jokatuko dute lehen finalerdia, 21:15ean. Lehen biek etxean jokatzeko abantaila dute, eta iaz Jokin Altunaren eta Ander Imazen kontra finalean egin zuten bezala, aurten ere garaipena lortzen saiatuko dira.
Jarraian, Altuna III.ak eta Imazek osatutako bikotea irtengo da kantxara, Peña II.a eta Rezusta mendean hartzeko asmoz. Frontoiak 2.000 pertsonarentzako tokia du. Finala biharamunean, urriaren 1ean, izango da, 17:00etan.
Mariezkurrena nafarrak astearte honetako aurkezpenean adierazi duenez, "buruan genuen lehen kezka finalaurrekoan egotea zen. Iaz, oso asteburu ederra pasa genuen, jendez lepo. Oso giro polita sortzen da, eta izugarria izango da berriz egon ahal izatea".
Jaka-Martija arerioen inguruan galdetuta, atzelariak zaila ikusten du partida: "Ligaxkan guri irabaztea lortu duen bikote bakarra da. Parte hartzen ari garen guztiak finalera irits gaitezkeela uste dut. Ea partida ona egiten dugun".
Joseba Ezkurdiaren esanetan, "zaila da berriz irabaztea. Lehiakortasun handia dagoenez, ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Ea finalera pasatzen garen, txapelagatik borrokatzeko".
"Jaka oso bolada onean dago, baita Martija ere. Bikote ona egiten dute, arriskutsuak dira; hortaz, ezin diegu oparirik egin. Joko-maila hobetu beharra daukat irabazi ahal izateko", gaineratu du.