Itxi

Jai Alai League

Zortzi puntista onenek izango dute jokoan Jai Alai Leagueko lehenengo txapela, Durangoko lauko finalean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Finalaurrekoak urriaren 9an izango dira, eta finala 16an jokatuko dute, denak Ezkurdi pilotalekuan. Goikoetxea eta Lopez Laducheren eta Basqueren aurka arituko dira finalerdi batean, eta Erkiaga-Solozabal eta Johan-Minvielle bikoteak izango dira aurrez aurre bestean. EITBk lauko finala emango du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ranking ofizialeko zortzi puntista onenek izango dute jokoan hurrengo egunetan Jai Alai Leagueren historiako lehen txapela; izan ere, Ligak lauko finala izango du, Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. Hain zuzen, ostegunean lauko final horren aurkezpenean zehaztu dutenez, Jai Alai Leagueko finalaurrekoak astelehenean jokatuko dituzte, urriaren 9an, eta final handia hurrengo astelehenean izango da, hilaren 16an. Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez Ludovic Laducheren eta Thibault Basqueren aurka arituko dira finalerdi batean, eta Aritz Erkiagak eta Gorka Solozabalek osatutako bikotea eta Johan Sorozabalek eta David Minviellek osatzen dutena arituko dira bestean nor baino nor gehiago. EITBk eitb.eus eta ETB1en bidez eskainiko du lauko finala.

Aipatutako puntista horiek Liga bateratu ofizialeko onenak dira, eta bikoteka jarri dituzte, 2022-23 denboraldiko bikoterik onena zehaztea helburu. Jai Alai Leaguen, 24 pilotari ibili dira, 57 partidatan, txapelketa hauetan: Eusko Label Winter Series, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa. Durangoko Final Four honek itxiko du Liga.

Orain arte Jai Alai Leagueko unerik onenak gogoratzen hasita, nabarmentzeko modukoa da Beaskoetxeak eta Lopezek Winter Series irabazi zutela, Goikoetxeak eta Lopezek eskuratu zutela Biarritzeko Urrezko Xistera, Erkiaga eta Gorka Sorozabal gailendu zirela Donibane Lohizuneko Nazioartekoetan, eta Paueko Kopa Goikoetxeak eta Lopezek lortu zutela.

Bikoteak egiteko, aurrelarien eta atzelarien sailkapena izan dute kontuan. Goikoetxea da aurrena aurrelarietan, eta Lopez atzelarietan, eta horregatik jokatuko dute elkarrekin; bi bigarrenek, bi hirugarrenek eta bi laugarrenek osatuko dituzte gainerako hiru bikoteak. Rankingeko onenek laugarrenen aurka jokatuko dute, eta bigarrenak eta hirugarrenak arituko dira elkarren aurka.

Lauko finala Ezkurdin jokatuko dute, eta EITBn jarraitu ahal izango dute zaleek, eitb.eus-en eta ETB1en.

Albisteak (1)

Bideoak (1)