Eusko Label Winter Series
Olharanek eta Del Riok lehen garaipena lortu dute Goitia eta Basqueri 9. jardunaldian gailenduta
EITB MEDIA
Bi bikoteek 4na puntu dituzte orain, baina oso urruti dituzte dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Goikoetxea eta Lekerika A multzoko liderrak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Olharan-Del Rio bikoteak bizirik jarraitzen du Eusko Label Winter Series txapelketan, Goitia-Basque bi jokotan (15-13 eta 15-10) garaitu ostean Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatutako 9. jardunaldiko partidan.
Bi bikoteak launa punturekin berdinduta daude sailkapeneko bigarren eta hirugarren postuan, Goikoetxea eta Lekerika liderrengandik urruti. Goikok eta Lekek 12 puntu dituzte, eta finalerdietan daude dagoeneko.
Olharan eta Del Rio aurretik joan dira bi jokoetan, baina lehenengoan lan handiagoa egin behar izan dute aurkariak mendean hartzeko. Gaur ezinbestekoa zuten garaipena lortzea, finalerdietan sartzeko lehiatik kanpo ez geratzeko.
Lehenengo jokoa oso orekatua izan da, eta guztira sei berdinketa izan dira markagailuan. Olharanek eta Del Riok azken tantoetan erabaki dute jokoa, Del Riok atzeko aldean egindako lan bikainaz baliatuta; bera izan da partidako izarra. 15 eta 13 irabazi dute jokoa.
Bigarrenean, Olharan eta Del Rio neurketa lehenbailehen erabakitzen saiatu dira, hirugarren joko bat jokatu beharrik ez izateko. 4 eta 1 aurreratu dira lehen tantoetan, baina hortik aurrerako aldeak txikiak izan dira beti, 2-3 tantokoak. Azkenean, bost tantoko aldeagatik eraman dute bigarren jokoa eta partida (15-10).
Ligaxka amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, bi bikoteek finalerdietan sartzeko aukera dute oraindik.