GERNIKAN
Goikoetxea-Lekerika eta Johan-Lopez aurrez aurre, Eusko Label Winter Serieseko lehen finalaurrekoan
EITB MEDIA
Neurketa honetan irabazten duenak Erkiaga-Ibarluzea edo Olharan-Del Rio izango ditu aurkari. Norgehiagoka ETB1en eta eitb.eus-en egongo da ikusgai, 22:15etik aurrera.
Goikoetxea-Lekerika eta Johan-Lopez bikoteek Eusko Label Winter Serieseko lehen finalaurrekoa jokatuko dute astelehen honetan, Gernikako Jai Alai frontoian. Partida ETB1en eta eitb.eus-en ikusteko aukera egongo da, 22:15etik aurrera.
Ligaxkako hiru partidak irabazita, lehen tokian geratu ostean iritsi dira Goikoetxea eta Lekerika gaurko hitzordura. Johan eta Lopez izango dituzte aurrean. Nahiz eta ez duten ligaxka erraza izan, Laduche-Gorka eta Arbe-Manci mendean hartu zituzten, eta nahikoa izan zen finalaurrekoetan lehiatzeko. Gaurko garaileek final handirako txartela lortuko dute, bigarren finalaurrekoko irabazlearen kontra indarrak neurtzeko: Erkiaga-Ibarluzea edo Olharan-Del Rio.
Gaurko jardunaldia berezia izango da, era berean, Goiko eta Lopez zumaiarrak elkarren aurka jokatuko duten azken aldia izango delako; izan ere, Goikok kantxak utziko ditu txapelketa amaitzen denean, ibilbide luze bezain oparoa burutu ondoren.