Eusko Label Winter Series
Goikoetxea eta Lekerika dira Eusko Label Winter Serieseko lehenengo finalistak
EITB MEDIA
Johan eta Lopez mendean hartu dituzte hiru setetan, finalerdi gogor, lehiatu eta bizia jokatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak Eusko Label Winter Serieseko finala jokatuko dute otsailaren 18an, emozioz betetako lehen finalerdian Johan Sorozabal eta Imanol Lopez hiru setetan gaindituta: 15-8, 9-15 eta 5-4.
Lehenengo set ederra eta oso lehiatua jokatu dute neurketako lau protagonistek. Johan eta Lopez bikain hasi dira, bi tanto bikain eginda eta partidako lehen alde txikia zabalduta (0-2). Baina Goikok eta Lekek argi eta garbi utzi dute ligaxka zergatik amaitu duten A multzoko lehen postuan, jokatutako hiru partidak irabazita.
Horrela, eta binako eta launako berdinketen ostean, Zumaiako aurrelaria eta Gernikako atzelaria nahieran jokatzen hasi dira. Gainetik pasa dituzte Johan eta Imanol. 7 eta 0eko partziala egin eta 11 eta 5 aurreratu dira markagailuan.
Johan eta Lopez, aldiz, zer egin asmatu ezinda aritu dira. 11 eta 5ekoan sakea berreskuratu dute, eta euren gustuko pilota ateratzeko aprobetxatu dute, baina hurrengo jokaldian pasa bikoitza egin dute eta sakea aurkariei oparitu diete. Horrela, lehenengo seta Goikok eta Lekek irabazi dute, 15 eta 8.
Finalerdia erabat aldatu da bigarren jokoan. Johan eta Lopez 0 eta 5 aurreratu dira asperen batean. Horidunak lehen setean izandako sufrimendua atzena uzteko asmo irmoarekin atera dira, eta argi eta garbi lortu dute. Zazpi tantoko aldea zabaldu dute (1-8) eta Goiko eta Leke hiru tantora hurbildu diren arren (7-10), jokoak kolore horia izan du (9-15).
Hirugarren eta azken seta
Tentsioa gainezka izan da hirugarren eta azken jokoan. Ez da gutxiagorako izan, finalerako txartela jokoan izan baitute. Goiko eta Leke 3 eta 1 aurreratu dira, baina azkenean markagailua hiruna eta launa berdindu dute aurkariek. Finalerdiko tanto erabakigarria, baina, Iñaki Osa Goikoetxeak eta Unai Lekerikak lortu dute (5-4). Eurek jokatuko dute otsailaren 18ko finala.
Finalerdiko tanto guztiak:
Lehen jokoa: 0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 2-3, 2-4, 3-4, 4-4, 5-4, 6-4, 7-4, 8-4, 9-4, 10-4, 11-4, 11-5, 12-5, 12-6, 12-7, 13-7, 13-8, 14-8, 15-8.
Bigarren jokoa: 0-1, 0-2, 0-3, 0-4, 0-5, 1-5, 1-6, 1-7, 1-8, 2-8, 2-9, 3-9, 4-9, 5-9, 5-10, 6-10, 7-10, 7-11, 7-12, 7-13, 7-14, 8-14, 9-14, 9-15.
Hirugarren jokoa: 1-0, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 3-3, 4-3, 4-4, 5-4.