Zesta-punta
Helena-Arai bikotea Euskotren Winter Serieseko finalera sailkatu da
EITB MEDIA
Gizonezkoen buruz buruko txapelketako lehen finalerdian, aldiz, Johan Sorozabalek lortu du finalerako lehen txartela, Ludovique Laduche bi setetan kanporatuta.
Helena Barrenetxeak eta Arai Lejardik 2024ko Euskotren Winter Serieseko finala jokatuko dute, lehen finalerdian Maite Ortiz de Mendibil eta Frida Watkins bi jokotan gaindituta (15-14 eta 15-12)
Lehenengo joko lehiatua eta polita jokatu dute lau puntistek. Maite eta Frida gogor hasi dira eta Helena eta Arai, aurreikuspenek faborito emandako bikotea, ezustean harrapatu dituzte. 0 eta 5 aurreratu dira, hasperen batean. Baina bizkaitarrek ez dute etsi eta markagailua bosna jartzea lortu dute.
Maite Ortiz de Mendibil bikain aritu da aurreko aldean, eta urdinek aurrea hartu dute berriro. Atsedenaldira 6 eta 8ko aldearekin iritsi dira.
Azkenengo tantoak benetan ederrak izan dira. Maitek min egin du errestotik, eskuin kolpe indartsu eta dotorea duela erakutsita. Horrela, 14na jarri dira eta azken tantoa, eta jokoa, gorrien alde jausi da azkenean (15-14).
Bigarren eta azken jokoan, gorriak aurretik jarri dira, baina alde handirik zabaldu gabe. 7-4 eta 8-5 agindu dute markagailuan, Helena Barrenetxeak aurren joko erasokorra eginda. 9nakoaren ostean, lehia bizitu egin da, baina bizkaitarrek hobeto erantzun diote presioari eta 14 eta 10 aurreratu dira. Garaipena gertu izan dute, baina espero baino gehiago kosta zaie. Azkenean 15 eta 12 poltsikoratu dute bigarren jokoa, eta finalerdia.
Ondorioz, martxoaren 11ko finala jokatuko dute, astebete lehenago Gogenola-Merino eta Mugartegi-Aldazabal bikoteek jokatuko duten bigarren finalaurrekoaren irabazleen aurka.
Johan Sorozabal, gizonezkoen banakako txapelketako finalera
Emakumezkoen finalerdia bukatuta, gizonezkoen buruz buruko lehen finalerdiaren txanda izan da. Johan Sorozabalek eta Ludovique Laduchek neurtu dituzte indarrak, final handirako txartela eskuratzeko helburuarekin. Sorozabal aise gailendu da, bi jokotan, 12-10 eta 12-3.
Sorozabal Lduche baino askoz gehiago izan da, lehen jokoaren amaieran zenbait estuasun izan dituen arren. 2 eta 8 aurreradu da, baina Laduchek neurketa 10 tantora berdintzea lortu du jarraian. Baina elastiko horidun puntistak ez du lekua galdu, eta 12 eta 10 irabazi du jokoa.
Bigarren jokoa nahieran jokatu du Sorozabalek, ia eragozpenik gabe. Laduche bere jokoa eta lekua aurkitu ezinda ibili da, eta Sorozabalek kantxa osotik mugiarazi du, fisikoa asko zigortuz. Seta argi eta garbi bereganatu du, 12-3. Martxoaren 4an bigarren finalerdia jokatuko dute Unai Lekerikak eta Aritz Erkiagak, eta horietako bat izango da Johanen aurkaria, buruz burukoaren finalean.