Itxi

Zesta punta

Erika eta Maialen, 2024ko Euskotren Winter Serieseko txapeldunak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Astelehenean Durangoko Ezkurdin jokatutako finalean, Helena eta Arai menderatu dituzte, hiru jokotan (10-15, 15-11 eta 5-1). Horrez gain, Banakako Seriesen, Johan Sorozabalek lortu du txapela janztea, Aritz Erkiaga bi jokotan mendean hartuta (12-9 eta 12-10).

Your browser doesn’t support HTML5 video

Erika Mugartegi eta Maialen Aldazabal dira 2024ko Euskotren Winter Serieseko txapeldunak, astelehenean Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatutako finalean Helena Barrenetxea eta Arai Lejardi hiru jokotan menderatuta, 10-15, 15-11 eta 5-1. Erikak eta Maialenek, hala, markagailua irauli dute, final handian; aurkariek aurreneko seta irabazi dute, baina txapeldunek berdinketa lortu dute bigarrenean, eta hirugarrenean gehiago izan dira, txapela jantzi baino lehen.

Helenak eta Araik oso indartsu ekin diote partidari, eta berehala jarri dira aurretik, lehenengo setean. 4-1 eta 5-2 kokatu dira. Hori bai, Erikak eta Maialenek gertu izan dute berdinketa, 4-5ean, baina Durangoko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak, orduan, hiru tanto jarraian egin dituzte; hala, atsedenaldian, 8-4 ari ziren irabazten. Helenak eta Araik, ondoren, zortzi tantoetaraino ere handitu dute euren aldeko abantaila: 14-6 jarri dira, era ematen zuen lehenengo puntua poltsikoan zutela. Erikak eta Maialenek lau tanto jarraian egin dituzte, 10-14koa erdietsita, baina azkenean 15-10 amaitu da aurreneko jokoa.

Bigarrenean, hasieran parean ibili dira bi bikoteak, baina Helena eta Arai, gerora, 7-3 jarri dira aurretik, eta pentsatzeko modukoa zen txapeletik hurbil egon zitezkeela. Erikak eta Maialenek, baina, jokoa eta emaitza irauli dituzte. Markina-Xemeingo aurrelaria eta Berrituko atzelaria 8-7 joan dira atsedenaldira, irabazten, 6-0eko partziala eskuratuta, eta jokoaren amaieran erabakigarria izan da hori, 15-11 bukatu baita, markagailua bana.

Hirugarren setean, joko erabakigarrian, Helenak eta Araik egin dute lehenengo tantoa, baina Erika eta Maialen argi nagusitu dira, bost tanto jarraian eginda. Erika bikain ibili da, finaleko bigarren zati osoan bezala, eta Aldazabal, ordea, oso sendo, akats gutxi eginda. Biek jantzi dute txapela, bigarrena Erikarentzat, aurtengo Euskotren Winter Serieseko txapeldunak baitira.

Johan Sorozabal, Banakako Serieseko txapeldun

Jarraian, Banakako Series txapelketako finala ere izan da, eta Johan Sorozabalek lortu du txapela, Aritz Erkiaga bi jokotan mendean hartuta (12-9 eta 12-10).

Johan Sorozabal eta Aritz Erkiaga, podiumean. Argazkia: Eraman.

Ondo ibili da Johan finalean; lapurtarrak 2023ko txapeldunari gailentzea erdietsi du. Biarritzeko puntista aurkaria baino gehiago izan da, sendo aritu da eta hasieratik ibili da aurretik markagailuan.

Albisteak (2)

Bideoak (5)