Itxi

''Erremontari''

Ezkurrak eta Azpirozek Ansa eta Zubiri menderatu dituzte "Erremontari" saioan, eta sendo daude lehen postuan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

"Erremontari" saioko laugarren jardunaldiak, horrez gain, Loitegik eta Barrenetxeak Sagardoaren Txapelketan lortutako lehenengo garaipena ere ekarri du, Segurola eta Larrañaga aurkari. Ezkurra II.ak eta Azpirozek, hamaika puntu dituztela, oso bideratuta dute finalerdietarako txartela.

Azpirozek eta Ezkurrak oso bideratuta dute finalaurrekoetan izateko txartela. Argazkia: EITB Media.

Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek Imanol Ansa eta Aritz Zubiri hartu dituzte mendean, bi jokotan, 15-10 eta 15-13, eta Julen Loitegik eta Endika Barrenetxeak Beñat Segurola eta Iban Larrañaga menderatu dituzte, hiru setetan, 15-12, 14-15 eta 8-6, ostegunean, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, "Erremontari" saioko 2024ko Sagardoaren Txapelketako laugarren jardunaldian. Horrenbestez, Ezkurrak eta Azpirozek, lortu dituzten lau puntuak zenbatuta, hamaika dituzte dagoeneko, eta, txapelketako sailkapeneko aurreneko tokian daude, jokatu dituzten hiru partidak irabazita; Loitegik eta Barrenetxea IV.ak, aldiz, batutako hiru puntuak kontuan izanik, lau dituzte, eta bosgarren postuan dabiltza.

Joko ona eta emozioa izan dira laugarren jardunaldi honetako lehenengo partidan; horretan, Oialume Zarreko Julen Loitegik eta Endika Barrenetxeak balio handiko garaipena eskuratu dute. Urnietako aurrelaria eta Hernaniko atzelaria 15-12 nagusitu dira aurreneko jokoan, Petritegiko Beñat Segurola eta Iban Larrañaga aurkari, eta gertu-gertu izan dute lau puntu batzeko aukera, bigarrenean; horretan, baina, 14-14koan, Barrenetxeari kanpora joan zaio zabalera atera duen sake bat. Nolanahi ere, Endika berreskuratu egin da, eta bikain jokatu du joko erabakigarrian, Julenek ere egin duenez. Urdinek, horrenbestez, 8-6 menderatu dute bikote gorria, eta sailkapenean, lau puntu dituztela, bakarrera dituzte Segurola-Larrañaga eta Urriza-Martirena bikoteak. Giltzarria izan da, urdinen garaipenean, zein trebe ibili den Barrenetxea sakean, txokotik zabalera.

Bigarren norgehiagokan, txapelketako aurreneko bi postuetan dauden bi bikoteak aritu dira nor baino nor gehiago; lehia ikusgarria izan da, eta lau pilotariak ibili dira bikain. Alorreneako Josetxo Ezkurrak eta Xabier Azpirozek bi joko oso gogorretan menderatu dituzte Bereziartuako Imanol Ansa eta Aritz Zubiri, 15-10 eta 15-13. Aurrealdeko koadroetan izandako borroka ederra izan da, Ezkurra eta Ansa elkarri ahalik eta minik handiena egiten saiatu baitira, eta atzealdean, Zubiri ere ondo aritu bada ere, Azpiroz nabarmendu da bereziki; nafarrak ez du ia pilotarik galdu, asmatu egin du sakean, eta, hori gutxi balitz bezala, azkar eta trebe ibili da partida osoan.

Endika Barrenetxea eta Julen Loitegi, Iban Larrañagarekin, partida amaituta. Argazkia: EITB Media.

Albisteak (4)