ZESTA-PUNTA
Urrutia-Del Rio eta Erika-Frida, Iron Cup txapelketako finalera
EITB Media
Urrutia eta Del Rio bi setetan nagusitu dira Laduche eta Manci bikotearen kontrako norgehiagokan. Erikak eta Fridak, berriz, Maite eta Arai hartu dituzte mendean. Final handia ekainaren 7an izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Julen Del Riok eta Thoma Urrutiak jokatuko dute Bilbao Jai Alai Iron Cup txapelketako finala, Bilboko Deportivo frontoian jokatutako finalaurrekoan Laduche eta Manci garaituta. Emakumezkoetan, berriz, Erikak eta Fridak lortu dute finalerako txartela, Maite eta Arai menderatuta.
Urrutia-Del Rio vs Laduche-Manci: 15-14 eta 15-11
Finalerdiaren lehenengo seta borrokatua izan da. Laduche eta Manci hasi dira aurretik, mutrikuarraren horma-biko bat eta txula bat tarteko. 1-3, 2-5 eta 6-9 aurreratu dira Laduche eta Manci (bikote horia), baina lehenengo setaren erdialderako, materiala bizitu ahala, Del Rio hasi da pilotari eskuinez ondo ematen. Berea izan da 9-10eko tantoa, eta jendea zutik jartzeko moduko 11-12koa. Goitik behera "pikatuta", botea eragin eta aurkariak gainetik pasatu ditu. 12-14koarekin, seta irabazteko hiru pilota izan dituzte, baina Julen Del Riok eskuina atera du, eta markagailuari buelta eman dio, lehen jokoa 15-14 irabazteko.
Bigarren jokoaren hasiera izugarria izan da. Beste behin, eskuinez nahi izan duena egin du Julenek. 8-1 aurreratu dira, baina nabarmentzekoa izan da bikote marroiaren seigarrena. Arabarrak horma-biko ikusgarria bota du atzeko koadroetatik. Ematen zuen partida horrela bukatuko zela, baina horiek tantoa egin dute, pilota aldatu dute eta piloteoan jokatu ahal izan dute, eta baita tantoak egin ere. 8-2, 10-4, 12-6, 13-10... hiru tantora hurreratu dira. Partida Donibane Garaziko aurrelariak amaitu du, Thomas Urrutiak, sake-errestora sartu eta horma-bikoz, 15-11.
Erika-Frida vs Maite-Arai: 15-14 eta 15-4
Emakumeen Masterrean, Erika Mugartegi eta Frida Watkinsentzat izan da garaipena. Lehen seta justuan irabazi dute, baina bigarrena erraz. Erika eta Frida (elastiko marroidunak) aurretik hasi dira. Atzelari zumaiarrak txapa gainean moztuta egin du 2-0koa, 4-4 eta 5-5 ere berdindu dute, baina marroiak aurretik joan dira atsedenaldira (8-5). Partida oso berdinduta joan da (10-10, 12-12 eta 13-13), baina hamalaunako berdinketaren ostean, Erikak ez du barkatu, eta berak egin du 15. tantoa (15-14).
Bigarren jokoan, behera etorri dira horiak. Erika eta Frida nagusi izan dira, eta ia ez dute hutsik egin. Horren aurrean, lau tanto egin ahal izan dituzte horiek (15-4).