Itxi

Plazandreak, 2. jardunadia

Zabaleta-Gamindek erakustaldia eman dute Aldai-Mendizabalen aurka (13-22)

EITB MEDIA

Bikote gaztea aurkariak baino askoz gehiago izan da, eta argi utzi dute aurkari txapela lortzeko hautagai sendoak direla. Lau t’erdikoan, Miriam Arrillaga atzelariak Maddalen Etxegarai gainditu du 12-18.

Binakako partidako lau protagonistak, neurketaren amaieran. Irudia: EITB Media.

Zabaleta-Gaminde bikoteak binakakoan eta Miriam Arrillagak Lau t'erdikoan "Plazandreak" saioko hirugarren edizioko euren lehen garaipenak lortu dituzte.

Bigarren jardunaldia binakako neurketak abiatu du; bertan, Amaia Aldai eta Nora Mendizabalek Goiuri Zabaleta eta Enara Gaminde izan dituzte aurkari, Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatutako partidan. Aldaik eta Mendizabalek garaipen bat dute jada, lehen jardunaldian lortutakoa, eta bigarren bat lortuz gero, finalerako txartela lortuko zuketen. Baina ez da horrelakorik gertatu.

Zabaleta eta Gaminde gazteak (15 eta 17 urte, hurrenez hurren) bikote sendoa osatzen dutela erakutsi dute, eta elkarrekin ondo baino hobeto konpontzen direla. Markagailuan aurretik izan dira lehenengo tantoetatik, 1-6ko aldea zabalduta. Partidak ildo horretatik jo du, bukaera arte.

Goiuri Zabaleta izan da norgehiagokako izarra, zalantza barik. Leitzakoak erakustaldia eman du aurreko koadroetan, Amaia Aldai alde batetik batera mugituz: dejadak, zabalera jokatutako pilotak… nafarra amesgaiztoa izan da aurkarientzat.

Gorriei dagokienez, Aldai pilota askotara sartu da, bere atzelaria babesten saiatzeko, baina horrek akats asko egitera eraman du bizkaitarra. Aurrean zirrikiturik izan ez duen bikotea izan dutela kontuan izanda, partida oso maldan gora jarri die horrek.

Atzeko koadrotan, berriz, Nora Mendizabalek ahal duena egin zu Enara Gaminderen aurka. Laukiztarra egungo atzelaririk onena dela erakutsi du beste behin.

Horrela, bikote urdinak alde erosoa izan du markagailuan denbora guztian: 3-7, 4-11, 7-14, 9-21… Gorriek emaitza nolabait itxuratzea lortu dute azken tantoetan 4 eta 0eko partziala eginda.

53 minutu eta 466 pilotakada jokatuta, garaipena Zabaletak eta Gamindek lortu dute, 13-22, "Plazandreak"eko hirugarren edizio honetan lortzen duten lehena.

Lau T'erdikoa

Lau T'erdiko partidan, Maddalen Etxegarai eta Miriam Arrillaga gipuzkoarrak aritu dira nor baino nor gehiago. Arrillaga, ekitaldi honetan lehiatzen ari diren lau pilotarien artean atzelari bakarra, bere kolpea erabili du hasperen batean 1-9 aurreratzeko.

Baina Aginagakoak garaipen erraza lortuko zuela ematen zuenean, Etxegaraik erreakzionatu egin du eta bi tantora jarri da (7-9). Hala ere, Arrillagak bere jokoari eutsi dio eta 12-18 gailendu da, 47 minuturen ostean. Arrillagaren lehen garaipena da aurtengo edizioan.

Albisteak (2)

Bideoak (2)