Sopela Pro'24
Necolek eta Del Riok partida irauli dute, Maldonado eta Gordon aurkari; azken jardunaldian zehaztuko da dena
EITB MEDIA
Dan Necol eta Asier del Rio lehenengo bi jokoak galtzen hasi dira, baina suspertu egin dira, eta, bosgarren jokoan, puntua eskuratu dute; horrenbestez, datorren astelehenean, hilaren 23an, zehaztuko da zein bi bikote arituko diren finalean, denek baitute aukera sailkatzea erdiesteko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Dan Necolek eta Asier del Riok Roman Maldonado eta Iker Gordon hartu dituzte mendean, bost jokotan, 5-10, 2-10, 10-3, 10-8 eta 5-4, astelehenean, Pala Joko Sopela Pro'24 txapelketako liga faseko bigarren jardunaldian, Sopelako Udal pilotalekuan. Hala, Necolek eta Del Riok puntu bat dute ligan, eta hirugarren eta azken jardunaldian, datorren astelehenean, hilaren 23an, zehaztu egingo da zein bi bikotek jokatuko duten torneoko final handia; irailaren 30ean izango da hori.
Gaur galdu duen bikoteak, Maldonado-Gordon bikoteak, puntu bat lortu du txapelketako fase honetan; hain zuzen ere, aurreko astelehenean eskuratu zuen puntu hori, Esteban Gaubeka eta Ibai Perez menderatuta. Azken horiek ez dute punturik, baina bat lortuko lukete datorren astelehenean Necol eta Del Rio mendean hartuz gero; kasu horretan, hiru bikoteek puntu bana izango lukete, eta egindako eta galdutako jokoek edo, beharrezkoa balitz, aldeko eta kontrako tantoek erabakiko lukete.
Maldonado eta Gordon, hala, gehiago izan dira lehenengo jokoan, eta argi eskuratu dute, 10-5. Bi bikoteek bizitasun handiz ekin diote partidari, pilota behar bezala jota indarra erakutsi dute. Necolek eta Del Riok 4-5koa lortuta, aurkariak 9-4 jarri dira, eta jokoa bereganatzeko oso gertu zeuden gorriak. Hori bera gertatu da, ia jarraian.
Aurrelari argentinarra eta Sopelako atzelaria, bigarren jokoan, ia-ia jokaldi guztietan asmatu dute, eta alde handiz irabazi dute, 10-2. Jokoan izandako aurreneko bederatzi tantoak gorriek egin dituzte; bikote hori nabarmen nagusi da, eta ezin hobeto moldatu dira elkarrekin jokoan.
Hirugarren jokoan, Dan Necol suspertu egin da, eta gozatu egin du; Asier del Rio ere, atzealdean lezamarra, bikain ibili da joko horretan. Ikusgarria izan da partidaren norabide aldaketa, bigarren jokoan jazotakoarekin alderatuta. Urdinek lehenengo lau tantoak eskuratu dituzte, eta aldeari eutsi egin diote, amaierara arte; azkenean, 10-3.
Laugarren jokoan, Sopelako Udal pilotalekua bete duten zaleek lehia berdinduta eta politaz gozatzeko aukera izan dute. Necolek eta Del Riok bosgarren jokoa behartu dute, ea 10-8 irabazi. Indar handiz jokatu dute urdinek, eta kalitatezko tantoak ikusi ditugu. Erregulartasun handiagoa izan dute Necolek eta Del Riok, eta merezita gailendu dira.
Bosgarren jokoa, erabakigarria, emozio handikoa izan da. Necol eta Del Rio aurretik jarri dira, 2-0 eta 4-2, baina Maldonadok eta Gordonek ez dute amore eman, eta amaierara arte estutu dituzte aurkariak. Launa zihoazela eta Iker Gordonek zuela sakea, aurrelari frantziarrak eta Lezamako atzelariak gogor eutsi eta puntua eskuratu dute; horrenbestez, ligako azken jardunaldian jakingo da nortzuk diren finalistak.