Erretiroa
Danel Elezkanok esku pilota utzi du
EITB Media
Elezkano II.ak iragarri du esku pilota utzi duela, lesioen ondorioz. 2019ko eta 2021eko Binakako txapeldunak ezin du jokatzen jarraitu arazo fisikoak direla eta. Pilotariak berak jakinarazi du erretiroa hartu duela.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Danel Elezkanok esku pilota utzi du. Zaratamoko (Bizkaia) pilotariak bere sare sozialetan iragarri du ezin duela jokatzen jarraitu arazo fisikoen eta lesioen ondorioz. Beraz, 2019ko eta 2021eko Binakako Txapelketako irabazleak erretiroa hartu du, 30 urterekin.
"Zuengana jotzen dut malkoak dariola, pilota utzi behar dudala jakinarazteko, osasunak behartuta. Ezin izango dut gehiago jokatu, ez profesionaletan, ez beste era batera", jakinarazi du Danelek bere sare sozialetan publikatutako ohar batean.
Bizkaitarrak arazo fisikoen eta lesioen ondorioz utzi du esku pilota, medikuek hala aholkatuta: "Azken urte luze hau infernua izan da niretzat. Izugarri sufritu dut. Medikuz mediku eman ditut hilabeteak, gorputzean ditudan hainbat lesio eta gaitzengatik, eta nik neuk nahiko nukeen irtenbidea aurkitu ezinik".
Elezkano II.ak gaineratu du, lesioek arlo profesionalean zein bizitzako egunerokotasunean eragin diotela. Bizkarreko minaz gain, brakialgia diagnostikatu zioten eskuineko besoan. Jokatu gabe egon zen 2023ko abenduaren amaieratik 2024ko apirilera arte. Danelek azaldu duenez, medikuen aurreikuspenak bete egin dira: "Espezialista onenak bisitatu ditut, eta denek ohartarazi didate partida bakar bat gehiago jokatzeko ahalegina arrisku handiegia dela nire osasunarentzat. Horrek nire bizitzako erabakirik zailenetako bat hartzea (esku pilota uztea) erraztu du".
Danel Elezkanok bi txapel handi ditu palmaresean: 2019ko Binakako Txapelketakoa, Rezustarekin bikotea osatuta, eta 2021eko Binakako Txapelketakoa, Zabaletarekin batera.