Itxi

Zesta punta

2024-25eko Eusko Label Winter Seriesen 19 partida, 17 jardunaldi eta finalerdietan ligaxka izango dira

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eusko Label Winter Serieseko laugarren ekitaldia urriaren 28an hasiko da, hurrengo astelehenean, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, txapelketako aurreneko bi partidekin. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, lau puntista berri izango dira. Finala otsailaren 16an jokatuko dute, igandez.

Your browser doesn’t support HTML5 video

2024-25eko Eusko Label Winter Series txapelketan 19 partida izango dira, hau da, aurreko ekitaldian baino hiru gehiago, 17 jardunalditan, eta finalerdietan ligaxka izango da. Asteazkenean aurkeztu duten Winter Seriesesko laugarren ekitaldia hurrengo astelehenean hasiko da, urriaren 28an, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, txapelketako lehenengo bi partidekin. 2023-24ko Winter Seriesen parte hartu zuten pilotariekin alderatuta, lau puntista berri daude, eta horien guztien asmoa izango da otsailaren 16an jokatuko duten final handian txapela janztea. EITBk, ETB1en eta eitb.eus-en bidez, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko neurketa guztiak emango ditu, 22:20an, eta nabarmentzeko modukoa da, halaber, epaile propioa izango dela bideoarbitrajerako.

Horrenbestez, Winter Seriesen izango diren 16 puntistek zortzi bikote osatuko dituzte. Bikoteak bi multzotan banatu dituzte, honela:

A multzoa

Eñaut Urreisti-Gorka Sorozabal

Xabi Barandika-Imanol Lopez

Alex Goitia-Julen del Rio

Ludovic Laduche-Mikel Manci

B multzoa

Johan Sorozabal-Unai Lekerika

Jean Olharan-Jon Zabala

Thomas Urrutia-Thibault Basque

Aritz Erkiaga-Ion Ibarluzea

Winter Serieseko aurreko ekitaldian zein pilotari izan ziren kontuan izanik, puntista berriak dira Urreisti, Urrutia, Barandika eta Zabala. Urreisti aurrenekoz arituko da Winter Seriesen; Urrutia, Barandika eta Zabala, aldiz, bueltan dira txapelketan. Antolatzaileek nabarmendu dute hamar parte-hartzaileek 30 urte baino gutxiago dituztela; sei 25 urtetik beherakoak dira. Urreistik, Gorkak eta Goitiak, txapelketan zehar, Floridatik Euskal Herrirako bidaiak egingo dituzte; izan ere, denboraldian zehar hirurek jokatzen dute Ameriketako Estatu Batuetan.

Urriaren 28tik abenduaren 30era, astelehenero, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekua final laurdenetako faseko partidak ikusteko beteko da. Fase horretan, hamar jardunaldi izango dira; aurrenekoan, lau. Eusko Label Winter Serieseko estreinaldian, Gernikako Azken Astelehenean hain zuzen ere, bi norgehiagoka izango dira: Goitia-Del Rio vs Urreisti-Gorka, eta Erkiaga-Ibarluzea vs Johan-Lekerika. Final laurdenetako azken jardunaldian ere, abenduaren 30ean, bi neurketa jokatuko dituzte. Kontsultatu egutegia, osorik, hemen.

Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek finalerdietara egingo dute aurrera. Finalaurrekoak, estreinakoz, ligaxka formatuan jokatuko dituzte, denek denen aurka, bi itzulitan. Ligaxka hori urtarrilaren 6an hasiko da, eta otsailaren 10ean amaitu.

Finalerdietako ligaxkako bi bikote onenek eskuratuko dute final handirako txartela. 2024-25eko Winter Serieseko txapelak irabazteko partida otsailaren 16an jokatuko dute, goizez. Orain arte ez bezala, aurtengo ekitaldian ez da hirugarren posturako partidarik izango.

Azpimarratu beharra dago, horrez gain, txapelketak bideoarbitrajea izaten jarraituko duela, Zalantzen Txokoa izenekoa. Horrek, baina, aldaketa nabarmena izango du; izan ere, aurrerantzean, epaile propio bat izango da, eta epaile horrek jokaldiak pantailan errepasatuko ditu. Hala, kantxako epaileek ez dituzte euren erabakiak zuzendu edo mantenduko.

Txapelketa hasi aurretik, bermatuta dago Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan giro bikaina izango dela, 2024-25eko Winter Serieseko jardunaldi guztietan. Aurreko asteazkenean salgai jarri zituzten 1.200 abonuak hamabost minuturen buruan agortu ziren. Asteazken honetatik aurrera, zaleek eskuragarri dituzte, dagoeneko, txapelketako jardunaldi bakoitzerako 600 sarrera; salbuespen bakarra finala da.

Albisteak (3)

Bideoak (2)