Eusko Label Winter Series
Erkiagak eta Ibarluzeak, lau puntu gehiago, Olharan eta Zabala aurkari, Eusko Label Winter Seriesen
EITB MEDIA
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak bi jokotan menderatu dituzte Jean Olharan eta Jon Zabala, 15-9 eta 15-13, eta, garaipen hori lortuta, zortzi puntu dituzte, B multzoko sailkapenean; ondorioz, ziurtatuta dute finalerdietako ligaxkan izango direla.
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak Jean Olharan eta Jon Zabala menderatu dituzte, bi jokotan, 15-9 eta 15-13, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko laugarren jardunaldian, B multzoan, Jai Alai pilotalekuan, Gernika-Lumon, astelehenean. Hala, Erkiagak eta Ibarluzeak lau puntu eskuratu dituzte, eta zortzi dauzkate dagoeneko; Ispasterkoa eta Markina-Xemeinekoa B multzoko liderrak dira, eta bermatuta dute finalerdietako ligaxkarako sailkatzea. Olharanek eta Zabalak, aldiz, bi partida jokatuta punturik gabe daudela, oso zail dute hurrengo faserako txartela lortzea.
Lehen jokoa ikusgarria izan da, eta Jai Alain bildutako zaleek gogoan izateko hainbat tanto ikusi ahal izan dituzte. Beste behin, Aritz Erkiaga nabarmendu da errematean. Ispasterko aurrelariak dozena erdi erremate bikain gauzatu ditu, milimetrikoak, ezin hobeak. Erkiagak ondo lagundu du Erkiaga, eta Olharanek eta Zabalak ez dute aukerarik izan; hori bai, Pauekoak ere egin du tanto ederrik. Erkiaga eta Ibarluzea, joko horretan, 15-9 gailendu dira.
Tanto luzeagoak jokatu dituzte bigarren jokoan, pilotakada gehiago izan da, baita eta parekotasun handiagoa ere. Jean Olharan eta Jon Zabala indartsu hasi dira, eta 4-1 ere izan dira aurretik, baina Erkiagak eta Ibarluzeak lau tanto jarraian egin dituzte, 5-4koa jarrita. Irabazleak 10-6 aurreratu dira handik minutu batzuetara, eta 12-8 gerora; ematen zuen ia dena erabakita zegoela, baina Olharanek eta Zabalak erreakzioa polita izan dute, eta hamabinako berdinketa egin. Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea hobeto moldatu dira jokoaren azken tartean, eta 15-13 eskuratu dute.