Eusko Label Winter Series
Laduchek eta Mancik bizirik jarraitzen dute; Barandika eta Lopez aukerarik gabe gelditu dira (15-11, 15-14)
EITB MEDIA
Getariarrak eta mutrikuarrak, A multzoan, Goitia-Del Rio bikotearekin izango dute jokoan finalerdietako ligaxkan sartzeko txartela. Urreistik eta Gorkak bermatuta dute sailkatzea, eta Barandikak eta Lopezek ez dute inolako aukerarik ligaxka horretan aritzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik Xabi Barandika eta Imanol Lopez hartu dituzte mendean, bi jokotan, 15-11 eta 15-14, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko zazpigarren jardunaldian, astelehenean, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, A multzoan. Horrenbestez, Laduchek eta Mancik, erdietsitako lau puntuak zenbatuta, bost dituzte txapelketako sailkapenean, eta Alex Goitiak eta Julen del Riok osatutako bikotearekin izango dute jokoan finalerdietako ligaxkan izateko txartela; Barandikak eta Lopezek, ordea, ez dute inolako aukerarik ligaxka horretan aritzeko.
Lehen jokoan parekotasun handia izan da, luze joan da, gogorra izan da. Lau puntistek jakin bazekiten kantxan asko zegoela jokoan, eta zaleek lehia biziaz gozatzeko aukera izan dute. Laduchek eta Mancik eskuratu dute jokoa. Barandika eta Lopez hobeto hasi dira, baina, azken tantoetan, getariarra eta mutrikuarra indartsuago aritu dira. Barandika eta Lopez 8-5 ari ziren irabazten, baina Laduche eta Manci suspertu egin dira; azkenean, 15-11 poltsikoratu dute lehen joko hori.
Berdintasuna bigarren jokoan ere izan da nagusi. Ludovic Laduchek eta Mikel Mancik ondo ekin diote, eta 6-2 ari ziren gailentzen, baina Xabi Barandikak eta Imanol Lopezek sei tanto egin dituzte jarraian, eta abantaila hartu dute. Azken txanpan, gernikarrak eta zumaiarrak ia-ia irabazita zuten, 12-8 eta 13-10 nagusitzen ari baitziren; baina Laduchek eta Mancik 13-13 berdindu dute, gero 14-14, eta, azken finean, tanto erabakigarria eskuratu dute, 15-14 gailenduta.