Eusko Label Winter Series
Erkiagak eta Ibarluzeak lortu dute finaledietako ligaxkako lehen garaipena
EITB MEDIA
Urrutiari eta Basqueri gailendu zaizkie bi setetan, Gernikako Jai Alai pilotalekuan jokatutako partidan.
Eusko Label Winter Serieseko egungo txapeldunek era ezin hobean hasi dute finalerdietako ligaxkako ibilbidea. Bikote bizkaitarra bi setetan gailendu zaie Urrutia eta Basqueri (13-15 eta 12-15) finalerdietako lehen jardunaldiko partidan. Ondorioz, lau puntuko altxorra bildu dute.
Lehen seta edo jokoa gogorra eta lehiatua izan da. Lehen tantoan, esaterako, 26 pilotakada jo dituzte. Aurreko hasteko norehiagokan ez bezala, gaurkoan tentsioa nabaria izan da Gernikako Jai Alai pilotalekuko kantxan, eta ez da gutxiagorako izan, finalerdietako lehen puntuak jokoan izan baitira.
Urrutiak eta Basquek estrategia argia izan dute hasieratik: Jon Larruzea nekatzea eta Aritz Erkiagari errematerako aukera gutxi ematea, eta horretan saiatu dira.
Horrela, lehen tantoetan oreka izan da nagusi, eta behartu gabeko huts dezente ikusi ditugu. Guztira, 10 berdinketa izan dira joko horretan, eta alderik zabalena bi tantokoa izan da. Azkenean, Erkiagak eta Ibarluzeak eraman dute seta, 13-15.
Ez hain orekatua baina aurreko jokoa bezain lehiatua izan da bigarrena. Urrutiak eta Basquek aurretik hasi dute seta (2-0), eta lau tantoko aldeak ere izan dituzte (9-5). Setak ezin zien ihes egin, lehenengoa galdu dute eta.
Huts erabakigarriak
Hala ere, egungo txapeldunek 9na egitea lortu dute eta aurretik ere jarri dira, joko horretan lehen aldiz, 12 eta 13koarekin, Basquek egindako huts erabakigarriari esker. Bi huts gehiago ere egin dituzte jarraian iparraldekoek, eta horrek bigarren jokoa eta partida Erkiaga eta Ibarluzeari eman die. Lau puntu lortu ditu bikote urdinak, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian, eta Urrutia eta Basque puntu barik geratu dira.