Itxi

Zesta-punta

Biscayne Cup txapelketak Jai Alai Liga eramango du Daniara, otsailaren 20tik 22ra

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zortzi puntista arituko dira Floridan (AEB) jokatuko den txapelketako lehen ekitaldian; torneoa master mailakoa izango da. Hala, maila goreneko zesta-punta Daniako pilotaleku historikora bueltatuko da; 2021eko azaroaren 29an itxi zuten frontoia. EITBk finala emango du, zuzenean.

Biscayne Cup otsailaren 20tik 22ra bitartean jokatuko dute. Argazkia: EITB Media.

Biscayne Cup txapelketak 2024-25 denboraldiko Jai Alai Liga eramango du Floridako (AEB) Dania hirian dagoen pilotaleku historikora, alegia, Estatu Batuetara, otsailaren 20tik hilaren 22ra bitartean (hau da, ostegunez hasiko da, ostiralez jarraituko du, eta larunbatez amaituko da). Zortzi puntista arituko dira master maila izango duen txapelketako lehen ekitaldian; horrenbestez, maila goreneko zesta punta Daniako pilotaleku historikora bueltatuko da. Frontoi hori 2021eko azaroaren 29an itxi zuten, eta 68 urteko ibilbide luzeari amaiera eman. EITBk, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, txapelketako final handia emango du, zuzenean, hilaren 22ko 22:50etik aurrera.

Arestian esan bezala, Biscayne Cupeko txapelak janzteko lehian zortzi puntista izango dira; bada, sei baieztatu egin dituzte, eta honako hauek dira: Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Xabi Barandika, Mikel Manci, Johan Sorozabal eta Unai Lekerika. Parte hartuko duten beste bi pilotariek orain Daniako pilotalekuan jokatzen ari diren aurretiko torneoko irabazleak izango dira; aurretiko txapelketa horretako finala otsailaren 14an jokatuko dute.

Biscayne Cup txapelketako kartela. Irudia: Eraman!

Biscayne Cup jokatuta, Jai Alai League zirkuituak aurreneko aldiz egingo du txapelketa bat nazioartean. Jokoan izango diren puntuak alde batera utzita, torneoaren helburua da Estatu Batuetako zaleen ilusioa berpiztea, eta jarraitzaile guztiak txapelketa handi batean elkartzea; halaber, AEBn garai batean jokatzen zituzten txapelketa handiak ekarriko ditu gogora, NAJF, Citrus eta World Series, kasu. Horrez gain, Estatu Batuetako jarraitzaileak, enpresak eta erakundeak aktibatu nahi dira; nabarmentzeko modukoa da zesta puntak ehun urteko baino gehiagoko historia duela Ameriketako Estatu Batuetan.

Arestian esan bezala, eitb.eus-ek eta ETB1ek Biscayne Cupeko finala emango dute, otsailaren 22ko 22:50etik aurrera, zuzenean.

Albisteak (1)

Bideoak (1)