Zesta-punta
Erkiaga eta Ibarluzea, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko txapeldunak
EITB MEDIA
Txapelketako final handian, igandean, Ispasterko aurrelariak eta Markina-Xemeingo atzelariak Ludovic Laduche eta Mikel Manci menderatu dituzte, bi jokotan (15-10 eta 15-12).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak irabazi dute 2024-25eko Eusko Label Winter Series txapelketa, final handian, igandean, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, Ludovic Laduche eta Mikel Manci menderatuta. Txapeldunek bi jokotan menderatu dituzte txapeldunordeak, 15-10 eta 15-12, eta txapela eskuratu dute horrela.
Horrenbestez, Erkiaga hirugarrenez nagusitu da Eusko Label Winter Seriesen; izan ere, 2022an eta 2024an ere jantzi zuen txapela. Ibarluzeak, aldiz, bigarren aldiz irabazi du txapelketa, 2024an ere eskuratu baitzuen, Erkiagarekin batera. Ispasterkoari, halaber, torneoko puntistarik onenaren saria eman diote. Hasieratik ziren faborito Erkiaga eta Ibarluzea garaipena lortzeko, eta aurreikuspenak berretsi dituzte, ondo merezita nagusitu baitira.
Finalean, giro bikaina eta ikusmin handia lekuko zituztela, bi bikoteek oso parean hasi dute norgehiagoka. Ibarluzea eta Erkiaga 3-1 jarri dira aurretik, Laduchek eta Mancik hiru tanto jarraian egin dituzte, eta berehala parekatu dute markagailua, 4-4. Aritz Erkiaga erritmoa hartzen ari zen, eta 7-4koa egin du, txapagaineko eder batekin. Aurreneko jokoaren atsedenaldian, Erkiaga eta Ibarluzea 8-5 gailentzen ari ziren, eta bazirudien aurkariak baino erosoago zebiltzala kantxan.
Zalantzen Txokoak eman die 10-7koa Erkiagari eta Ibarluzeari, pilotak bote egin baitu Manciren zestaren barnean; ia jarraian, Ibarluzeak ezin izan du ondo errebotatu, eta getariarra eta mutrikuarra 9-11 jarri dira markagailuan. Tanto horretan, Laducheri zestaren uztai bat apurtu zaio, baina aurrelariak ez aldatzea erabaki du. Lehenengo jokoaren azken txanpan, bi bizkaitarrek asmatu dute gehiago, eta seta irabazi dute, 15-10 nagusituta.
Bigarren jokoan, Erkiagak eta Ibarluzeak horma-biko ezin hobea egin du 2-1ekoan; aurreko pilotakadan ere saiatu da hori bera egiten. Laduchek, frontisetik oso gertu egindako erremate baten bidez, 4-3koa egin du. Aurrelari lapurtarra eta atzelari gipuzkoarra indartsu eta ausart ari ziren jokatzen, eta ondo ari ziren kudeatzen jokoa irabazi beharrak eragiten zien presioa; Erkiagak eta Ibarluzeak, ordea, lau tanto jarraian egin dituzte, eta 8-6 aurretik zirela heldu dira atsedenaldira.
Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak beste bi tanto egin dituzte, eta 10-7 jarri dira aurretik; finaleko une horretan, bost tantora zituzten txapelak. Erremate bikaina eginda, Ludovic Laduchek 10-11koa egin du, eta Laduchek eta Mancik eskura zuten berdintzea, baina ez dute lortu. Beste horma-biko polit bat eginda, Erkiagak 13-10koa jarri du.
Markagailuan 13-11koa zegoenean, Erkiaga aldagelan sartu da, min hartuta. Ispasterkoa kantxara bueltatu da, eta 14. tantoa erdietsi du. Txapeldunek ez dute abagunea alferrik galdu, eta 15-12koa eginda irabazi dute Winter Serieseko finala.
Markagailuaren bilakaera
Lehen jokoa: 1-0/1-1/2-1/3-1/3-2/3-3/3-4/4-4/5-4/6-4/7-4/7-5/8-5//8-6/9-6/9-7/10-7/10-8/11-8/11-9/12-9/13-9/13-10/14-10/15/10.
Bigarren jokoa: 0-1/1-1/2-1/2-2/3-2/3-3/3-4/4-4/4-5/4-6/5-6/6-6/7-6/8-6/8-7/9-7/10-7/10-8/11-8/11-9/11-10/12-10/13-10/13-11/13-12/14-12/15-12.