ZESTA-PUNTA
Johan eta Lopez, Biscayne Cupeko lehen finalistak
A. A. | EITB MEDIA
Bi setetan (14-15 eta 11-15) garaitu dituzte Urreisti eta Gorka ikusle ugari bildu dituen neurketan, eta aurkari zain daude larunbateko finalari begira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Biscayne Cupeko lehen finalerdia jokatu da gaur goizaldean Dania Beacheko (Miami, AEB) frontoian, eta Johan Sorozabal eta Imanol Lopez nagusitu dira bi set estutan, Eñaut Urreistiren eta Gorka Sorozabalen aurka.
Lehen setean, Urreisti eta Gorka agintzen hasi badira ere (6-3, 7-4, 10-7), Sorozabalek eta Lopezek markagailua orekatu dute (10-10, 11-11, 12-12, 14-14), eta azken txanpan jokoa bereganatzeko gai izan dira.
Bigarren jokoan ere, finalistek atzetik ekin diote setari (2-1, 3-2, 4-3), baina atsedenaldi laburrera iritsi orduko berdintzea lortu dute eta eurena izan da jokoaren ekimena ordutik aurrera (4-5, 5-6). Bi tantoko aldearekin iritsi dira atsedenaldi laburrera (6-8), eta alde horri eutsi diote amaieraraino, aldea tarteka zabalduz. Azkenean, lau tantoko aldearekin nagusitu dira (11-15).
Hartara, Johan eta Lopez ostiraletik larunbatera bitarteko goizaldean jokatuko den bigarren finalerdiko irabazleen zain daude. Bigarren finalerdi horretan, Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak Aritz Erkiaga eta Mikel Manci izango dituzte aurkari.
Finala larunbatean jokatuko da, eta EITBk zuzenean emango du, eitb.eus-en eta ETB1en bidez, Euskal Herriko 22:45etik aurrera.