Zesta-punta
Elaiak eta Oaiak Ihart eta Frida menderatu dituzte, eta Euskotren Winter Serieseko finalerako sailkatu dira
EITB MEDIA
Berriatuako aurrelariak eta Mutrikuko atzelariak 12-15 irabazi dute lehen jokoa, 15-4 galdu dute bigarrena, eta, hirugarrenean, 3-5 nagusitu dira. Gainera, Banakako Seriesen, Johanek Olharan kanporatu du, eta finala jokatuko du; Erkiaga izango du aurkari, Barandika lesionatuta baitago.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Elaia Gogenola eta Oaia Otaño 2025eko Euskotren Winter Serieseko final handirako sailkatu dira, txapelketako bigarren finalerdian Ihart Arakistain eta Frida Watkins mendean hartuta, hiru jokotan, 12-15, 15-4 eta 3-5, Ezkurdi Jai Alain, Durangon, astelehenean; horrenbestez, Elaiak eta Oaiak jokatuko dute martxoaren 24ko finala, Helena Barrenetxearen eta Arai Lejardiren aurka. Halaber, 2025eko Banakako Seriesen, Johan Sorozabal sailkatu da datorren astelehenean ere izango den final handirako; izan ere, txapelketako bigarren finalerdian, Jean Olharani gailendu zaio. Finalean, Aritz Erkiagaren aurka arituko da; izan ere, Xabi Barandikak zuen lortuta finala jokatzeko txartela, baina lesionatuta dabil.
Hala, Euskotren Winter Serieseko bigarren finalaurrekoan, Ihart eta Frida Elaia eta Oaia baino hobeto hasi dira, eta, aurreneko sei tantoak jokatuta, 5-1 ari ziren gailentzen. Baina Berriatuako aurrelaria eta Mutrikuko atzelaria berehala suspertu dira; 6-0eko partziala eginda, aurretik jarri dira, 5-7. Lehenengo jokoaren bigarren zatian, Elaia eta Oaia aurkariak baino hobeto aritu dira, eta, 12-15 irabazita, partidako lehen puntua poltsikoratu dute. Ezkurdin bildutako zaleek lau puntisten lanaz gozatzeko aukera izan dute pilotariak ikusi batituzte sendo, bizi, eta hori gutxi balitz bezala, erremate ikusgarriak egiten.
Bigarren jokoan, Ihart eta Frida oso nagusi izan dira. Sopelako aurrelariak eta Zumaiako atzelariak berehala hartu dute aurrea kantxan eta markagailuan, eta, hamaika tanto jarraian eginda, 4-4kotik, puntua erdietsi dute, eta hirugarren jokoa behartu dute, erabakigarria. Bigarren joko horretan, Elaiak eta Oaiak ezin izan diote eutsi aurrenekoan emandako maila bikainari.
Hala ere, Elaiak eta Olaiak erantzun ederra eman dute hirugarren jokoan. Ihart eta Frida baino gehiago izan dira, eta, 3-5 gailenduta, Euskotren Winter Serieseko finalerako bigarren txartela lortu dute; horretan, datorren astelehenean, Helena eta Arai izango dituzte aurkari.
Johan, Banakako Serieseko finalerako
Banakako Seriesen, txapelketako bigarren finalerdian, Johan Sorozabalek Jean Olharan menderatu du, bi jokotan, 12-6 eta 12-7, eta, ondorioz, finalerako sailkatu da. Biarrizko pilotaria Pauekoa baino gehiago izan da, eta merezita gailendu zaio horri.
Testuinguru horretan, Johanek aukera du Banakako Seriesen 2024an irabazitako txapela berreskuratzeko. Finalean, duela urtebete bezala, Aritz Erkiagaren kontra arituko da; izan ere, Xabi Barandikak eskuratu zuen finalerako txartela, Ispasterrekoa mendean hartuta, baina gernikarra lesionatu egin zen ostiralean, Gasteizen, Araba Euskaraz Jai Alai Master Seriesen, eta ezingo du jokatu.
Olharanek eta Johanek elkar agurtu dute, Biarrizkoak irabazitako finalerdia bukatuta. Argazkia: EITB Media.