Eskubaloia
Super Amara Bera Berak irabazi du Replasa Beti-Onaken aurkako derbia (20-29)
O. Z. A. | EITB Media
Gipuzkoarrek eta nafarrek ligako hemezortzigarren jardunaldiko partida jokatu dute Indurain Anaiak Udal Kiroldegian. Garaipen honekin, donostiarrak bolada onera itzuli, eta, behin-behinean, sailkapenaren goiko postuetan finkatu dira.
Super Amara Bera Bera eta Replasa Beti-Onak taldeen arteko derbia donostiarrek irabazi dute, nagusitasunez, 20-29. Lehen zati parekatu baten ondoren, bigarrenaren hasieran hautsi da neurketa. Nafarrak bolada onean iritsi dira neurketara, bi garaipen jarraian kateatuta, baina defentsan ezin izan die kanpotarren kontraerasoei eutsi. Donostiarrak, berriz, garaipenaren bidera itzuli, eta, behin-behinean, sailkapenaren gailurrean kokatu dira, Costa del Sol Malagak dituen puntu berdinekin. Bera Berako Malena Calvo jokalariak 100. partida jokatu du gipuzkoarrekin.
Partidaren lehen minutuetan, bi taldeen arteko oreka izan da nagusi. Defentsak erasotzaileei gailendu zaizkie, eta inork ez du markagailuan ihes egiterik lortu. Ate aurrean asmatu ez izanak min eman die etxekoei, eta Bera Bera partidaren jabe egin da pixkanaka. Imanol Alvarezenen trantsizio azkarrek arazoak sortu dituzte etxekoen defentsan, eta lau goleko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira (9-13).
Bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik hasi da, eta norgehiagoka guztiz hautsi da kanpotarren alde. Gipuzkoarren kontraeraso azkarrak ez dira gelditu, eta markagailuan ihes egin dute (12-23). Miguel Etxeberriarenek ez dute amore eman, eta zortzi golera gerturatu dira, baina gipuzkoarren errenta handiegia zen ordurako. Horrela, Bera Berak 20-29 irabazi dio Beti-Onaki euskal derbian.