Babesle berria
Uxue konpainiak Bilbao Basket babestuko du 2017ra arte
Erredakzioa
Horrela, Aragoiko enpresa Bilboko taldeko babesle nagusia izango da eta denboraldi bakoitzeko 1,5 milioi euro ordainduko dizkio klubari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Uxue Bioenergia konpainiak eta Bilbao Basketek kontratua sinatu dute gaur. Horrela, Aragoiko enpresa Bilboko taldeko babesle nagusia izango da 2017ra arte eta denboraldi bakoitzeko 1,5 milioi euro ordainduko dizkio klubari.
Gorka Arrinda Bilbao Basketeko akziodun nagusiak eta Sergio Castro Uxue enpresako presidenteak gaur sinatu dute akordioa Bilbao Arenako prentsa aretoan. Aurten Bizkaiko taldeak 900.000 euro jasoko ditu.
Gescrap aurretiko babeslearekin kontratua eteteagatik 750.000 euro jaso zituen klubak eta beste diru kopuru hori aurtengo aurrekontua osatzeko erabiliko dutela azaldu du Arrindak.
Uxue "ez da sponsor izango, partner baizik", erantsi du Arrindak, etorkizunean taldeko enpresek Bilbao Basketeko "egitasmoan parte hartzeko aukera" izan dezaten.
"Enpresak Europako ikuspegia du, anbizio handiko konpainia da eta arazoak igaro ditu, baina energia berriztagarrien sektorean indar handia du. Gaurkoa egun alaia da aro berria hasten dela uste dudalako, eta Uxue bidai lagun izango dugulako", gaineratu du Arrindak.