Igandean, 12:15ean
300. neurketa Zaragozan irabazita ospatu nahi du Uxue Bilbao Basketek
Erredakzioa
Gasteizko Koparako txartela ia bermatuta du Bilboko taldeak, baina orain hirugarren postua borrokatu beharko die Valentziari eta Kanaria Handiari.
Uxue Bilbao Basketek CAI Zaragozari bisita egingo dio igande honetan (12:15). ACBn 300. neurketa izango dute bilbotarrek eta garaipen batekin ospatu nahi izango dute. Aurreneko itzuliaren amaieran lau onenen artean sartzea du helburu Bilbao Basketek, Kopan zerrendaburu izateko.
Gasteizko Koparako txartela ia bermatuta du Bilboko taldeak, baina orain hirugarren postua borrokatu beharko die Valentziari eta Kanaria Handiari. Kopako zozketan abantaila izatea nahi dute bizkaitarrek, baina etorkizunera begira komeni zaie borroka horretan buru-belarri sartzea.
Fotis Katsikarisen taldea gorputzaldi onean heltzen da partidara, fisikoki zein psikologikoki. Duela bi aste eskas Cajasolen eta Caja Laboralen kontra galdu zuten bilbotarrek, baina krisi txikia atzean utzi zuten Murtzia azpiratuta.
Greziako entrenatzaileak jokalari guztiak prest ditu. Bilbao Basketek bederatzi urte bete ditu ACBn eta CAI jokatutako norgehiagoka guztietan hartu du mendean, guztira sei aldiz, hiru Bilbon eta beste hiru Zaragozan.