Itxi

83-85

Uxue Bilbao Basketek gaizki ekin dio Last 16ari

Erredakzioa

Eurocup txapelketako bigarren fasea, etxean CEZ Nymburken aurka 83-85 galduta hasi du talde bizkaitarrak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Uxue Bilbao Basketek gaizki ekin dio Eurocup txapelketako Last 16ari. Talde bizkaitarrak, 83-85 galdu du CEZ Nymburken aurka Bilbao Arenan. Talde txekiarra aurkari erraza izango zela uste zuen mundu guztiak, baina partida ona jokatuta, garaipena eskuratu dute.

Partidako lehen saskiratzea Bilbao Basketek lortu zuen arren, azkar eta ondo erantzun zuen CEZ Nymburkek. Talde txekiarrak defentsan eta erasoan gainditu zuen Bilbao Basket hasierako minutuetan, eta abantaila polita hartu zuen (7-14). Talde bizkaitarrak susperraldia izan zuen, eta aldeak murriztea lortu zuen (15-16). Baina lehen laurdena CEZ Nymburken aldeko emaitzarekin bukatu zen (17-15).

Bigarren laurdena oso parekatua izan zen. Markagailuan tartekatu egin ziren bi taldeak laurden honetan, baina ez ziren alde handiak lortzeko gai izan. Laurdenaren azken txanpan hiru puntuko abantaila izan zuen CEZ Nymburkek (31-34), baina Bilbao Basket bi puntuko abantailarekin iritsi zen azken segundoetara (36-34). Txekiarrek, ordea, partida berdinduta utzi zuten atsedenaldira iristean (36-36).

Hirugarren laurdenean CEZ Nymburk izan zen nagusi. Bilbao Basket defentsan eta erasoan gainditu zuen talde txekiarrak. Pixkanaka, abantail politak lortzen hasi zen CEZ Nymburk, eta, laurdena talde txekiarraren aldeko hamar puntuko abantailarekin amaitu zen (53-63).

Bilbao Basketek bikain ekin zion azken laurdenari. Erasoan ondo ibili zen Katsikarisek zuzentzen duen taldea, eta defentsan ezin hobeto ibili ziren. Txekiarrek hiru minutu eman zituzten saskiratzerik lortu gabe, eta bi puntura jarri zen talde bizkaitarra (61-63). Raul Lopezek, ordea, umekeria egin zuen falta bat eskatuz, eta epaileek teknika adierazi zioten. Ondorioz, CEZ Nymburkek aldea lortu zuen berriro markagailuan (61-71). Laugarren laurdeneko azken bost minutuetan atera zuen partidako jokorik onena Bilbao Basketek, eta partida amaierarako minutu eta hamar segundo falta zirenean, neurketa berdintzea lortu zuen etxeko taldeak (78-78). Aurrea ere hartu zuen Bilbao Basketek azken segundoetan (80-79), baina Nymburkeko jokalariak ez ziren urduri jarri, eta hiru puntuko abantaila lortu zuten berriro (80-83). Azken hogeita lau segundoetan sartu zen partida, eta urduri jarri zirenak Bilbao Basketeko jokalariak izan ziren. Raul Lopezek kale egin zuen barnealdian, eta Nymburkek jaurtiketa libre bat sartu zuen. 80-83koa zen partidaren emaitza, bukaerara iristeko hamar segundo falta zirenean. Vasileiadisek falta pertsonal bat sartu zuen, eta hurrengoa nahita huts egin zuen  errebotea hartzeko asmoz, baina errebotea talde txekiarrak hartu zuen, eta norgehiagoka irabazteko aukerarik gabe geratu zen talde bizkaitarra. Azkenean, 83-85eko emaitzarekin irabazi zuen partida CEZ Nymburkek.

Fitxa teknikoa:

83 - Uxue Bilbao Basket (17+19+17+30): Zisis (6), Vasileadis (11), Mumbrú (13), Hervelle (4) eta Hamilton (12) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (11), Pilepic (6), Grimau (7), Moerman (3) eta Rakovic (10).

85 - CEZ Nymburk (19+17+27+22): Carter (-), Welch (12), Benda (8), Rancik (30) eta Pomikalek (2) -hasierako bostekoa-; Pavkovic (10), Naymyck (20), Palyza (3), Nekas (-) eta Houska (-).

Partzialak: 17-19, 36-36 (atsedenaldia); 53-63 eta 83-85 (amaiera).

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)