Larunbatean, 19:15ean
Bilbao Basketek Valladolid hartuko du, burua Eurokopan jarrita duela
Erredakzioa
Aurreko estatistikei begiratuta, dena alde dute bilbotarrek garaipena lortzeko; izan ere, Valladolidera egindako azken bost bisitetan garaile atera da.
Uxue Bilbao Basketek Blancos Rueda Valladolid taldea hartuko du Bilbao Arenan larunbatean 19:15ean (ETB1ek eta eitb.comek zuzenean emango dute). Bilbotarrek hala ere, astearteko partida dute buruan, Ulm Ratiopharmen kontra Miribillan jokatuko dutena, Eurokopako final laurdenetako itzuleko partidan. Lau puntuko aldea gainditu beharko dute orduan.
Baina larunbatera begira, Uxuek arazoak ditu Raul Lopez eta Nikos Zisis bere bi joko antolatzaileen osasun egoerarekin: kataluniarrak ezin izango du ziurrenik jokatu, eta Zisis, bestalde, ez da sasoi betean egongo, ezker eskuan hartutako kolpearen ondorioz.
Egoera ikusita, Fotis Katsikarisek Roger Grimau erabili beharko du Zisisen laguntzaile gisa. Bilbao Basketek sailkapeneko laugarren tokiari eutsi nahi dio, batez ere iragan astean Unicajaren kontra galdu ostean.
Malagako porrota
Hala ere, iragan jardunaldian bilbotarren arerio zuzenek (Valencia Basket eta Cai Zaragoza) kale egin zuten, eta Malagan jasotako 63 eta 59ak ez zuen sailkapenean aldaketarik ekarri. Beraz, bizkaitarrak tinko dira laugarren toki horretan, titulurako borrokarako serieburua izateko aukera ematen duen azken tokian, hain zuzen.
Aurreko estatistikei begiratuta, dena alde dute bilbotarrek garaipena lortzeko; izan ere, Valladolidera egindako azken bost bisitetan garaile atera da.