Adierazpenak
Katsikaris: 'Historia egiten jarraitzen dugu'
Erredakzioa
Vasileiadisek ilea moztuko du Eurokopako finalera sailkatzeagatik, baina bizarra mantenduko du 'Ligako titulua ospatzeko'.
Bilbao Basketeko jokalariek eta entrenatzaileak Eurokopako finalera sailkatu direla ospatu dute, atzo final-erdietako itzuliko partida Budivelniki irabazita. Fotis Katsikaris entrenatzailea "oso pozik" azaldu da Bilboko taldearekin "historia egiten" jarraitzeagatik. "Oso polita da klubarentzat", esan du.
Jokalarien poztasuna nabarmendu du Fotisek, kanporaketa itzuliko partidaren hasieratik erabakita zirudien arren. "Profesionala izateaz gain, asko sentitzen ditut talde honen koloreak. Urtero erronka berri bat dugu, eta urtero pozik egoteko arrazoiak ematen dizkiogu jendeari", esan du Katsikarisek.
Bilbao Basketeko entrenatzaileak lehenengo minututik defentsan erakutsitako "intentsitatea" nabarmendu du. Greziarrarentzat, "finalera heltzeko bidaia oso zaila izan da. Ezinezkoak diruditen desafioak gustatzen zaizkio taldeari".
Kostas Vasileiadisek, bestalde, bizarra aldageletan moztuko duela agindu du, finalera sailkatu direla ospatzeko. Bizarra, aldiz, ekainera arte mantenduko du, "Ligako titulua lortu arte". Greziako jokalariak bigarren finala jokatuko du hiru urtean, Bilbora heldu zenean askorentzat ezinezkoa zirudien arren.
Alex Hervelleren iritziz, Bilbao Basketek "defentsatik lortu du hiriarentzat eta taldearentzat historikoa den garaipena". Afizioaren laguntza "sinestezina" eskertu du Belgikako jokalariak, eta Charleroiko publikoari Bilbao Basketen alde egiteko eskatu dio.
Bilbao Basketen lan ona nabarmendu ostean, Lokomotiv Kubanen aurkako finalari begira jarri da Alex Mumbru: "Urte osoa eman dugu hau prestatzen, eta lortu egin dugu, baina aurkariak Valentzia kanporatu du eta oso aurrekontu altua du Eurokopa irabazteko eta Euroliga jokatzeko".