91-86
Bilbao Basketek lehen porrota jaso du Eurokopan
Erredakzioa
Talde bizkaitarrak 91-86 galdu du EWE Baskets Oldenburgen aurka, baina B multzoan lider jarraitzen du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbao Basketek lehen porrota jaso du Eurokopan. Bosgarren jardunaldian iritsi da talde bizkaitarraren lehen porrota, eta aurkari gogorrenaren aurka gainera. EWE Baskets Oldenburg multzoko bigarren sailkatua da, eta 91-86ko emaitzarekin irabazi du partida.
Alemaniarrek hasieratik agindu dute markagailuan. Etxeko taldeak abantaila polita lortu du lehen minutu parekatuen ostean (11-6), baina Bilbao Basketek azkar erantzun du, eta aurrea hartzea lortu du (11-13). Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, talde alemaniarra gehiago izan da, eta lehen hamar minutuak etxeko taldearen aldeko hiru puntuko abantailarekin amaitu dira (25-22).
Bigarren laurdenari ondo ekin dio Rafa Pueyok zuzentzen duen taldeak, eta aldeak murriztea lortu du (30-29). Talde alemaniarrak, ordea, abantaila handitu du (40-31), hiruko marratik asmatuta. Bilbao Basketek beste erreakzio on bat izan du, eta hiru puntura jarri da (42-39), baina EWE Baskets Oldenburgek zazpi puntuko aldea lortu du atsedenaldira iritsi aurretik (51-44).
Etxeko taldea izan da hirugarren laurdenari hasiera bikaina eman diona. Alemaniarrek erraz saskiratzea lortu dute laurdenaren hasieran, eta abantaila handia lortu dute (57-44). Laurden honetan etxeko taldea izan da nagusi (76-65).
Azken laurdenari hamaika puntuko abantailarekin ekin dio EWE Baskets Oldenburgek, baina Bilbao Basket ez da kikildu. Talde bizkaitarrak ondo ekin dio laurdenari, eta bost puntura jarri da (76-71). Baina partidako gidoiari jarraituz, etxeko taldeak abantaila handitu du Bilbao Basket markagailuan gerturatu zaion bakoitzean (84-75). Norgehiagoka, alemaniarren aldeko hamar puntuko abantailarekin iritsi da azken txanpara, eta Bilbao Basket behin eta berriro saiatu eta gerturatu den arren, talde bizkaitarra ez da garaipena lortzeko gai izan. Azkenean, EWE Baskets Oldenburgek merezitako garaipena lortu du (91-86).
Fitxa teknikoa:
91 - EWE Baskets Oldenburg (25+26+25+15): Joyce (4), Kramer (11), Paulding (21), Aleksandrov (11) eta Crosariol (7) –hasierako bostekoa–; Jenkins (17), Bahiense de Mello (-), Wysocki (3), Smeulders (13) eta Chubb (4).
86 - Bilbao Basket (22+22+22+20): Raúl López (12), Bertans (15), Vrkic (7), Hervelle (19) eta Carmichael (2) –hasierako bostekoa–; Pilepic (2), Grimau (8), Gabriel (6), Kavaliauskas (11) eta Samb (4).
Partzialak: 25-22, 51-44 (atsedenaldia); 76-66 eta 91-86 (amaiera).
Epaileak: Borys Ryzhyk (UKR), Aare Halliko (EST) eta Piotr Pastusiak (POL).